ACTUALIDAD / Ola reaccionaria
Donostiako KAS: "Debekuak ez du pertsonen gosea akabatuko"
Udalak afari solidarioak debekatu ondoren, agerraldi jendetsu bat egin dute boluntarioek, eta EAJren alkatetzak eskuin muturraren exijentziei men egin izana salatu dute. "Elikadura-eskubidearen alde borrokatzen" eta "udalaren jarrera kriminalizatzailearen gainetik elkar zaintzen" jarraituko dutela aldarrikatu dute, eta manifestazio bat antolatu dute bihar arratsalderako.
2026eko uztailaren 28 - 10:44
Donostiako KAS: "Debekuak ez du pertsonen gosea akabatuko"

Kaleko Afari Solidarioek (KAS) urteak daramatzate eskuin muturreko taldeen eta dibulgazio-kanal erreakzionarioen jomugan, baita Donostiako Udalaren (EAJ-PSE-EE jomugan ere). Eta seinalatze horrek debeku forma hartu du berriz ere, udalak atzo sinatu baitzuen ebazpen bat afari solidarioak debekatzeko. "Jon Insausti alkateak (EAJ) udaltzainak bidali zituen atzo afari guneetara, arratsaldeko 20:00etan, sinatu eta arrazoitu gabeko orri informatibo baten bitartez boluntarioei gaurtik aurrera afariak banatzea debekatzen zitzaiela komunikatzeko", azaldu dute gaur KASeko kideek, eguerdian egindako prentsaurrekoan. Udalak ez ditu debekuaren arrazoiak zehaztu, baina "segurtasun" arrazoiak argudiatu ditu atzo ia-ia udaltzaingoaren eskutik bertaratutako El Diario Vasco egunkariak.

Gaur egun, muturreko egoeran dauden 300 bat pertsonari ematen diete afaria KASen bidez. "Goizetik udaletxera etorri gara alkateari larrialdiko bilera bat eskatzeko. Zein da alkateak proposatzen duen alternatiba erreala?", galdegin dute KASeko boluntarioek. Izan ere, salatu dute udalak gaur egun martxan dituen baliabideak ez direla nahikoa gabezia-egoera larriari aurre egiteko: "KASetik gauero ikusten dugu zein den hirian kale-egoeran bizi direnen errealitate latza, eta argi dugu ekimena debekatuz gero udalak 300 pertsona hauek artatzeko jantoki sozialak jarri behar dituela martxan gaur bertan". 

Udala: bi debeku eta alternatiba errealik ez

Eskuin muturrak afari solidarioak markatu ostean, Donostiako Udalak birritan debekatu du jada ekimena, 2024ko udazkenean eta orain. Bigarren debekuaren berri izan bezain pronto, afariak prestatzen eta banatzen dituen boluntario-sareak "lotsagarritzat" jo du alkatetzak inoiz ez erakutsi izana "elkarlaguntzarako inolako disposiziorik" eta ez edukitzea martxan "kale-egoeran dauden pertsonentzako elikadura bermatzeko plan integralik".

Kontrara, "PPko zinegotzien eskakizunei men egin die" udalak, "gure ekimen herrikoi, solidario eta boluntarioa hobetzen lagundu beharrean, Poliziaren jazarpenaren mehatxuarekin erabat debekatuz". Errepresioari beldurrez, gaur afaririk ez banatzeko erabakia hartu behar izan dute boluntarioek, eta ehunka lagun geldituko dira oinarrizko otordurik jaso gabe. 

Sei urteko ibilbidea

Gaurkoan gogorarazi dutenez, 2020an ekin zion bere ibilbideari KASek, "kale-egoeran bizirauten duten pertsonen elikadura-eskubideak eta oinarrizko premia, neurri apal batean, afari bero batekin betetzeko". Sei urteren ondotik, boluntarioek nabarmendu dute "egoera larria" dela, eta "debekuak ez duela pertsonen gosea akabatuko". "Elikadura-eskubidearen alde borrokatzen" eta "udalaren jarrera kriminalizatzailearen gainetik elkar zaintzen" segituko dutela gaineratu dute, adi egotera deitzearekin batera: momentuz, manifestazio bat antolatu dute bihar arratsalderako, 20:00etan hasiko dena Plaza Berritik.