ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Urriaren 26an egin zuten etxegabetzea Gasteizko Los Herran kalean.
2021/05/19 10:57

Diru bilketa kanpaina bat hasi du Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak, urrian geldiarazten saiatu ziren etxegabetze batek ekarritako isunei aurre egiteko. Egun hartan, hamabost pertsona kaleratu zituzten Los Herran kaleko 15. atariko etxebizitzetatik, poliziaren dispositibo handi batekin. Isunetan, 30.000 euro arteko balantzea utzi zuten, eta horri ere klase elkartasunez erantzuteko deia egin du Etxebizitza Sindikatuak: "Elkartasun antolatuak bakarrik arinduko du errepresio saihestezin honen pisua". Uztailaren 16ra arte izango dute martxan kanpaina crowdfunding plataforman, eta jaialdiak eta zozketak ere iragarri dituzte.


"Egun hartan ez zen soilik hamabost pertsona etxegabetzeko errepresioa erabili, egun hartan burgesiak argi utzi nahi izan zuen klase antolakuntza jazarria eta erreprimitua izango dela", ohartarazi dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Izan ere, haien esanetan, okupazioa da proletalgoaren parte batentzako irtenbide bakarra egungo krisi testuinguruan, eta burgesiari lehentasunezkoa zaio praktika hori kriminalizatzea.


Zentzu horretan, eskerrak eman dizkiote Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareari, prozesuan zehar emandako laguntzagatik. "Sare horren gaitasun antolaturik gabe, ezinezkoa egingo zitzaigun prozesu horri guztiari aurre egitea".


ATXILOTUAK, EPAIKETA, ISUNAK...


Errepresio hark utzitako balantzea ez da nolanahikoa: hiru lagun atxilotu zituzten; bi kide Atzerritartasun Bulegoetara bidali kanporatze aginduarekin; lau pertsonak epaiketara joan beharko dute agintaritzaren aurkako atentatua eta desobedientzia larria egotzita; eta 700 euroko hamabost isun eta 1.200 euroko 28 jarri zituzten, desobedientziagatik lehenak, eta etxe barruan egoteagatik desobedientzia eta justizia oztopatzea egotzita, gainerakoak.


Horrez gain, pandemiaren harira jarritako salbuespen legeek sortutako "arbitrariotasun eta zigorgabetasuna" ere erabili dituzte etxegabetzeari aurre egin zieten kideen aurka: osasun-neurriak ustez ez betetzea ere leporatu diete isunak jartzeko.

NO HAY COMENTARIOS