Gaur atera da argitara Diario Socialista egunkaria, han-hemenka zabaltzen ari den Mugimendu Sozialistaren adierazpen-organo ofiziala izango dena. Web-orri baten eskutik aurkeztu dute hedabide berria: diariosocialista.net. "Gerra kulturalerako" erreminta politiko gisa sortu dute, helburu argi batzuekin: "Mugimendu Sozialistaren propaganda eta agitazioa bateratzea", "kontzientzia sozialista hedatzeko" bidean.
"Antolatzeko eta hedatzeko" tresna bat izango da, beraz, eta "Mugimendu Sozialistaren jarrera ofizialak islatzen dituzten edukiak" argitaratuko ditu. Hainbat atal edukiko ditu horretarako, hala nola, iritzi-zutabeak. Albisteen bidez ere helduko diote aktualitate politiko, ekonomiko eta sozialari.
"Gorakada erreakzionarioaren eta ezker erreformistaren porrot testuinguru batean, Estatuak finantzatutako komunikabideen nagusitasunari egiten dio aurre Diario Socialista egunkariak", azaldu dute komunikabidea aurkeztean. "Nazioarteko proletalgoari" dei egin diote, hala, "antolatzera eta alternatiba sozialista berri bat altxatzera".