Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi berri duenez, Desokupa enpresa parapolizialak beste etxe kaleratze bat gauzatu du Euskal Herrian: etxebizitza bat hustu du Arabako hiriburuko Abetxuko auzoan. Oraindik ez dituzte xehetasun gehiago eman, baina prentsaurreko batera deitu dute Etxebizitza Sindikatuko eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareko kideek; Abetxukon bertan izango da, beheko autobus geltokian, asteazkenean 18:00etan.
Desokupak gutxienez behin esku hartu du aurten Euskal Herrian: apirilean Abadiñon (Bizkaia) etxegabetu zituen hainbat pertsona, Ertzaintzaren babesean. Maiatzean, aldiz, Bilboko (Bizkaia) lokal bat hustu zuen udaltzainen laguntzarekin. Enpresa faxistako buruak, Daniel Estevezek, Bilbon berriz izango zirela esan zuen maiatzean bertan, baina azkenean atzeratu egin zuten desalojoa. Horiek dira gurean argitara atera diren Desokuparen aurreneko esku-hartzeak.