ACTUALIDAD / Represión
Desmuntatze-lanetan ari ziren pertsonen aurka kargatu du Ertzaintzak Donostiako Karmengo Jaietan
Jai-gunetik kanpo izandako gertakari batzuen harira bertaratu zen Ertzaintza oldarkor, eta bertan zeuden pertsonak jipoitu zituen: lau lagun urgentziaz artatu behar izan zituzten. Pertsona bat atxilotu zuten.
2026eko uztailaren 22 - 06:30
Desmuntatze-lanetan ari ziren pertsonen aurka kargatu du Ertzaintzak Donostiako Karmengo Jaietan
— ARGAZKIA Karmengo Jaiak

Uztailaren 16tik 19ra bitartean izan dira Donostiako (Gipuzkoa) Karmengo Jaiak, eta, azken gauean, Ertzaintzaren bortizkeria jasan behar izan zuten kaiko jai-gunea ixteko eta desmuntatzeko lanetan ari ziren pertsonek. Handik kanpo izandako gertakari batzuk zirela-eta, "Ertzaintza korrika, oldarkor eta erasokor iritsi zen jai-gunera", festen antolaketatik jakinarazi dutenez. "Giro hori apaldu nahian, Jai Batzordeko kide batzuek, auzotar batzuekin batera, gure burua identifikatu eta jai-gunean bertan zeudenei gehiago ez jotzeko eta jai-eremutik ateratzeko esatera joatean, Ertzaintzak kolpeka eta mehatxuka oso modu oldarkorrean erantzun zuen", azaldu dute.

Ertzaintzak hainbat pertsona jipoitu eta zauritu zituen, eta lau lagun urgentziaz artatu behar izan zituzten jasandako kolpeen ondorioz; Jai Batzordetik argitaratu dituzte zaurien eta lesioen hainbat argazki. Gainera, pertsona bat atxilo hartu eta hainbat identifikatu zituzten ertzainek, eta ikusteke dago zer leporatuko dien. Adin txikiko hainbat lagun ere baziren tartean, eta gurasoei deitzeko eskubidea ukatu zien Poliziak, Batzordearen esanetan.

"Jai Batzordeak jai-gunea gune seguru, aske eta osasuntsua izateko saiakera egiten du etengabe, auzotarron lan boluntarioarekin, eta hala izan da uztailaren 16tik aurrera, baina igandean Ertzaintzak hori guztia hankaz gora jarri eta bortxaz eta indarkeriaz hartu zuen gunea", salatu du Jai Batzordeak. "Jaiak antolatzen eta gune seguruen alde lanean" jarraituko duela esatearekin batera, "jai herrikoiak" aldarrikatu ditu.