ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / ElDiario.es
2023/09/20 12:12

Purchenako (Almeria, Andaluzia) epaitegi batek, Almeriako Fiskaltzak hala eskatuta, Iliass Tahiriren heriotza epaitua izan dadin agindu du, baina "delitu arinengatik" soilik, printzipioz. Aurretik, birritan artxibatu du kasua epaitegi berdinak; azkenekoz, 2022ko maiatzean. Tierras de Oria adingabeen zentroko segurtasun-indarretako hiru polizia daude auzipetuta Tahiriren erailketarengatik.

2019ko uztailaren 1ean hil zuten 18 urteko gaztea, Tierras de Orian. Segurtasun-indarretako hiru poliziek, "euste-neurri" modura, ohe batera jaurti eta lotu egin zuten Tahiri, buruz behera. Grabatutako bideo batean ikus daitekeenez, eskuetatik eta oinetatik lotu zuten jatorri marrokiarreko gaztea, gurutze forman, erabat immobilizatzeko asmoz.

Tahiri hil eta 48 ordura, Andaluziako Gobernuak adierazi zuen osasun-langileak zeudela immobilizazio-gelan poliziek gaztea lotu zutenean. El Diario.es atariak 2019ko azaroan jakinarazi zuenez, ordea, bideo batek erakusten du faltsua zela hori: ez zegoen osasun-langilerik gaztea buruz behera lotu zutenean, eta ez zuten inola ere artatu, beranduegi izan zenera arte. Ginsok (Asociación para la Gestión de la Integración Social, gazteleraz) kudeatzen du Oriako zentroa, baina Andaluziako Gobernuarena da.

Argitara atera zen bideoan argi eta garbi ikusten da segurtasun-indarrek hamar minutu behar izan zituztela Tahiri erabat lotzeko (gutxienez sei langileren artean lotu zuten, eta bat bere bizkar gainean jarri zen), eta beste hamar minutu igaro zirela konturatu zirenera arte gaztea ez zela mugitzen eta ez zuela erantzuten. Erabat geldirik zegoenean ere beste gerriko bat lotu zioten sabelaldean, eta gaztearen gorputzaren behealdean esertzera iritsi ziren poliziak, are presio gehiago egiteko. Tahiri hilik zegoen immobilizazio-gelako ohetik arrastaka atera zutenerako, eta ustez hura suspertzen saiatu zirenerako.

Datu ofizialen arabera, gazteak immobilizatzeko euste-neurriak 28 aldiz ezarri ziren 2019an, eta 109 aldiz 2020an. Tahiri erail eta hurrengo urtean, beraz, hiru aldiz gehiago erreprimitu zituzten gazteak modu horretara.

NO HAY COMENTARIOS