ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Publico
2019/06/10 13:34

Bizkaiko Domino's Pizzako langileek beste sei greba egun iragarri dituzte hilabete honetarako. ZENA taldearen agindupean dagoen kateak gatazka areagotzen duten erabakiak hartu dituela iritzita erantzun dute modu horretan beharginek. Izan ere, ekainerako greba deialdiaren lehen bi egunetan parte hartu duten bi langile kaleratu ditu enpresak. Basauriko (Bizkaia) lantokikoak dira biak.

Grebalarien aurkako neurriak mahai gainean

Publico atariaren arabera, ekainaren 5ean jaso zuten kaleratze gutuna bi beharginek. Baina, ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, gutunetan maiatzaren 19a agertzen da jakinarazpen data modura. ELAren ustez, enpresak "kaleratzeen eta egindako grebaren arteko lotura ezabatzeko" asmoz idatzi du data hori: "Ez dago zalantzarik". Hori frogatzekotan, greba eskubidea urratzen duten bidegabeko kaleratzeen aurrean egongo lirateke langileak.

Publico-k jaso duenez, ez da hori izan Domino's Pizzak grebalarien aurka hartutako neurri bakarra: greba egin duten beharginak ordezkatzeko, lanuzteekin bat egin ez duen aldizkako langile bat 12 orduko txanda egitera behartu zuen.