Azaroaren 5erako lanbide arteko greba handi bat antolatu dute sindikatu nagusiek Frantziako Estatuan, eta iragan asteburuan bizitzaren garestitzearen aurka ehunka milaka manifestari kalera atera zirela ikusita, zantzu guztien arabera mobilizazio-deialdiek bere horretan jarraituko dute datozen bi asteotan. Izan ere, asteburuko mobilizazio-olatuaren ajea igaro gabe, atzo hainbat protestaldi egin zituzten ikasleek eta langileek estatuan barrena.
Atzoko egunari dagokionez, dozenaka ikaslek Parisko Louvre museo ospetsuaren sarrera blokeatu zuten, eta horiekin bat egin zuten hainbat sindikatutako kideek. Ondorioz, goiz osoan zehar itxita egon zen museoa, eta hainbat tentsio-une bizi izan ziren ikasleen eta turisten artean. Izan ere, azken horiek museoa itxi izana aurpegiratu zieten ekintzaileei, iseka eta oihu artean. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den bideo batean, gazteleraz "hijos de puta" behin eta berriro oihukatzen ageri dira hainbat turista. Eguerdi aldera bertatik alde egin zuten ikasleek, eta bisitarien aldamenetik igarotzean tentsio-uneak egon ziren berriro ere. Dena den, beste hainbat ikasle-protesta egin zituzten atzo, eta Saints-Pèresen, Université Paris Citén, beste dozenaka ikaslek sarrera oztopatu zuten. Lekura bertaratu zen Polizia, eta lagun bat atxilotzeaz gain, agenteek sorbalda tirokatu zioten bigarren ikasle bati, lurretik bortxaz eramaten ari zirela.
Gainera, egoera gobernuari gain hartzen ari zaiola ikusita, eguerdian Sébastien Lecornu lehen ministroak "zonifikatutako" hainbat etxeratze-agindu iragarri zituen, eta atzo gauerako ezarri zituzten debekuak estatuko zenbait hiritan. Bada, albisteak ikasleak mugiarazi zituen Parisen bertan: bertako lau barrutitan adingabeentzat etxeratze-agindua ezarri zuen prefeturak, baina horietako batean, Républiquen, ikasleek kontzentrazio bat antolatu zuten debekua hasten zen ordurako. Dozenaka lagun mobilizatu ziren, eta Poliziak hainbat eta hainbat identifikatu zituen. Gau osoan zehar, Poliziaren helikoptero bat barruti horretako plaza nagusia zelatatzen aritu da. Berriki, adierazpenak egin ditu Lecornuk, eta polizia-indarrei eskerrak emateaz gain, esan du gaur gauerako beste hainbat etxeratze-agindu iragarriko dituztela, "egoerak eskatzen duenaren arabera".
Alabaina, debekuek ez dituzte langile eta ikasleak izutu, eta dagoeneko martxan dira beste hainbat deialdi: hurrenak, gaurko eta larunbat honetarako. Batetik, estatuko hiri nagusietan ikasle-sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte gaur. Oporraldian daude bigarren hezkuntzako ikasleak, eta egoera hori baliatu nahi izan dute. Bestetik, Jaka Horien mugimenduak Bigarren Ekinaldia mobilizazio-eguna deitu du hilaren 24rako, eta ikasle-sindikatuek bat egin dute borroka-egunarekin. Sare sozialetan ere, milaka eta milaka gazte parte hartzera ari dira dei egiten. Bizitzaren garestitzearen, erosmenaren galeraren eta indarkeria polizialaren aurka ariko dira, nagusiki. Zenbait eskualdetako Jaka Horien mugimenduak, gainera, deia luzatu du urriaren 31n ere kaleak hartzeko. Ikusteke dago, beraz, datorren asteburukoaren ondotik zein oihartzun hartuko duen bigarren deialdi horrek.
Atxilotuen kriminalizazioa eta Baionakoen egoera
Antza denez, asteburuan zehar atxilotutako 2.400 manifestarien aurkako kriminalizazio-kanpaina handi bat ari da abiatzen Frantziako Gobernua. Lehenengo orduetatik, gertakariak "ezker muturreko" kideek "antolatu" dituztela adierazi dute. Ondorioz, ez-ohiko hainbat neurri iragarri dituzte dagoeneko: esaterako, Gérald Darmanin Justizia ministroak eta Poliziaren buru politikoak esan du atxiloaldiak 48 ordutik 72 ordura luzatuko dituztela, "antolatutako krimenari" lotutako kasuetan. Gainera, mugikorrak interbenitu, deiak entzun eta geolokalizatzaileak aktibatuko dituztela ere esan du, "arpilatzeen arduradunak" identifikatzeko asmoz. Hori gutxi ez, eta Darmaninek azaldu du Limogesko (Okzitania) gertakariak Fiskaltza Antiterrorista Nazionalak ikertuko dituela. Are, atxilotuetako 67, gutxienez, espetxean daude jada.
Larunbateko protestetan, Baionan bertan bederatzi lagun atxiki zituzten. Ordu hartan, manifestarien eta polizia-agenteen arteko konfrontrazioak bizi izan ziren hiriko subprefektura aitzinean. Gas negar-eragilez eta LBD tiroketa-gailuz jazarri zituen manifestariak Poliziak. Hala, atzo atxilotu horietako batzuk Baionako Auzitegian deklaratzera eraman zituzten, eta dagoeneko behin-behineko kondena jaso dute bi lagunek: bost eta sei hilabeteko espetxealdia, eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan ezein manifestaziotan parte-hartzeko debekua. Atxilotutako beste bik kasua berrikusteko eskatu dute, eta espetxealdian egongo dira sententzia edo beste bista baterako eguna heldu artean. Bestela, atxilotutako beste bik ostegunean, hilaren 22an, izango dute epaiketa.
Eskuina eta neonaziak Lyongo kaleetan
Tamalez, aipaturiko aldarrikapenak ez dira Frantziako kaleetan atzo zabaldu ziren bakarrak. Izan ere, arratsaldeko 20:00etarako, deialdi "hiritar" bat zegoen egina Lyongo (Auvernia-Rodano-Alpeak) Bellecour plazatik abiatuta, "asteburuan saltokiek eta hiriko azpiegiturak jasandako kaltea salatzeko, eta segurtasun-indarrei babesa adierazteko". Hala, beste hainbatetan bezala, deialdi "apolitikoa" babestu eta bertan parte hartu zuten eskuin politikoko alderdi eta eragile ugarik, baita dozenaka neonazik ere. Denera, ehunka lagun elkartu ziren han.
Frantziako banderak soinean, martxari ekin zioten manifestariek. Bertan egon ziren, besteak beste, UNI Lyon ikasle eskuindarren antolakundeko ordezkariak. Manifestazioa alde zaharrera heldu zenean, "Frantzia gurea da" oihu artean eta mira naziak ageri zituzten banderak soinean, dozenaka faxistak bat egin zuten saltokiei eta polizia-agenteei babesa adierazteko mobilizazioarekin. Amaieran, Bellecour plazara itzuli ziren, eta dozenaka lagun ordu txikiak arte bertan gelditu ziren. Mobilizazio horrek hiriko etxeratze-agindua urratu bazuen ere, Polizia ez zen bertaratu, eta faxistek inpunitate osoz egin zuten kalejira. Gaurko, ikasle-mugimenduak deialdia zabaldu du Lyonen bertan.