ITP Aero enpresaren zuzendaritza eta sindikatuak hainbat egunez aritu dira negoziaketetan. Zuzendaritzak egindako eskaintzari jarraiki, Zamudioko (Bizkaia) lantegian 121 langile modu mailakatuan kaleratzea adostu dute: aldi baterako kontratua duten 71 behargin kanporatuko dituzte, 58 urtetik gorako 42 langile behartu dituzte aurretiko erretiroa hartzera, eta zortzi baja bultzatu dituzte. CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute akordioa enpresaburuekin.
Kaleratuko dituzten langile gehienen perfila berezia da: behin-behineko kontratuekin, enpresan bi urte baino gehiago egin dituzten gazteak dira. Zamudioko lantegian dauden beharginen %12 daude egoera horretan.
Lanean jarraituko duten beharginek, bestalde, hamalau hilabeteko lan erregulazio txosten baten eraginpean jardungo dute.
Kaleratzeen aurrean, greba
Kaleratze iragarpenaren harira, urriaren 14an hiru eguneko grebari ekin zioten ITP Aero enpresako langileek, negoziaketak hasi aurretik. Langileen arabera, kaleratzeak gauzatzeko arrazoi nagusia da enpresa "erakargarriago" bilakatzea, etorkizunean enpresa saltzen denean, soldatak murritzagoak izan daitezen.