Gaur, uztailak 21, 500 behargin kaleratzeko asmoa azaldu du Tubacexek; hau da, enpresaren azken memorian aitortutako langileen %20. Adierazi duenez, langileen irteerek "talde osoari" eragingo diote, baita nazioarteko "adar garrantzitsuei" ere. Ez du zehaztu, ordea, kaleratze horien zein zati egokituko zaien Laudioko eta Amurrioko (Araba) ekoizpen-plantei. Lantegi horiez gain, Bizkaiko Parke Teknologikoan ere zenbait bulego ditu enpresak.
Murrizketa-neurri multzoaren helburua izango da 2021ean 25 milioi euroko gastuak soldaten bidez aurreztea. Gaur egun, langileen %50 daude enplegua aldi baterako eteteko egoeran, eta honakoa azaldu dute Jesus Esmoris konpainiako kontseilari ordezkariak duela gutxi esandakoaren aurrean: "Ezin da etengabe ABEE batean bizi". Beharginek "iraintzat" hartu dute zuzendaritzaren adierazpena, eta bizi duten egoeraren erdian, lekuz kanpo dagoela salatu dute. Izan ere, Laudion eta Amurrion 800 langilek jarduten dute Tubacexen lantegietan, eta oraingoz, ez dituzte murrizketen nondik norakoak ezagutzen.
Lanaren nazioarteko banaketa
Altzairu
herdoilgaitzeko soldadurarik gabeko hodiak ekoizten dituzte Tubacexen, batez ere petrolioaren erauzketara bideratuta, baina baita
energia ekoizteko eta produktu kimikoak prozesatzeko
instalazioetarako ere. Enpresak duela gutxi esan duenez, "balio
erantsi handiko produktuak kostu handiko plantetan kontratatzearen
alde" egingo du, batez ere, Espainiako Estatuan, Italian eta
Austrian. Bien bitartean, produktu estandarragoak Asiako kokagune
merkeagoetara bideratuko ditu. Azken hilabeteetan Tubacexek lantegi
berri bat zabaldu du AEBetan, eta beste hiru lantegi berri integratu
ditu Saudi Arabian, Dubain eta Norvegian.