ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Arriaran Avia Langileak
2020/02/06 17:52

Iazko abenduan hasi zuten lan bandintza hobeak lortzeko borroka Tolosako (Gipuzkoa) Arriaran Avia gasolindegiko langileek. Soldata igoera aldarrikatzeaz gain, gerentziaren partetik sistematikoki jasaten dituzten gehiegikeriak salatu dituzte sare sozialetan, eta boikoterako deia ere egin dute kale astintzearen bidez. Enpresari eskatu dizkioten puntuen barruan, itun propio bat sinatzea dute helburu nagusi.

Enpresak, ordea, ez du lan baldintzak aldatzeko asmorik erakutsi. eta azken asteetako hainbat gertakarik gatazka areagotu dute. Urtarrilaren 16an, gasolindegiko langileek Tolosaldeko Ataria-ri adierazi zioten urtarrilaren 30eko greba orokorrera batzeko asmoa zutela. Horren jakitun, gasolindegiko nagusiak bide legal eta administratiboak jorratu zituen beharginen lanuztea ekiditeko, eta ondorioz, gutxieneko zerbitzuak eman behar izan zituzten greba egunean.

Kaleratzeak

Gainera, gatazkaren erdian, aldi baterako kontratupean zeuden bi langile kaleratu zituen gerentziak. Gainontzeko langileek greba egiteko asmoa zutenez, bi haiengana jo zuen jabeak, greba egunean lanera joateko asmorik zuten edo ez galdetzeko. Greba egingo zutela adierazi zuten haiek; hala, urtarrilaren 29an jaso zuten kaleratzearen jakinarazpena.

Arriarango langileek sare sozialetan salatu dutenez, "enpresaren alde ez posizionatzeagatik" izan dira kaleratuak bi langileak; haien esanetan, "gerenteak, bere alde posizionatu zitezen eta greba boikoteatzeko asmoz hartu zituen lanerako bi pertsona horiek, baina gaizki atera zaio jokaldia". Jabeak argudiatu zuen "bi langile kaleratuak oraindik proba denboraldian zeudela"; langileen arabera, ordea, "argi eta garbi ikusten da mendekuz bidali dituela".

Boikoterako deiaren emaitzak

Beharginek diote, irabaziei erreparatuta, boikoterako deiaren eragina nabaritzen hasia dela enpresa. "Boikotaren eraginez, gerentziak su-eten moduko bat eskatu zigun duela bi aste", adierazi dute, "baina konponbideak mahaigaineratu ordez, greba boikotatzeari eta errepresioaren bidez jarduteari ekin dio". Dena den, boikoterako deiak izan duen erantzunarekin gustura agertu dira, "elkartasuna nabaritu" baitute.