Beste behargin bat eraila izan da gaur arratsaldean soldatapeko lanean, oraingoan, Santurtziko (Bizkaia) Zamakona ontziolan. Oraindik argitu ez diren arrazoiak medio, garabi bat behera erori da. Garabiarekin ari zen eraildako langilea; EITB-ren arabera, azpian harrapatu du garabiak. Suhiltzaileek atera behar izan dute langilearen gorpua. Ontziolako jabeek ez dute inolako informaziorik eman oraingoz.
Aurten soldatapeko lanean eraildako hamaikagarren behargina da Santurtzikoa, gutxienez. Atzo bertan, pieza batek azpian harrapatu zuen behargin bat Galdakaoko GHI Hornos Industiales lantegian. Laudioarra (Araba) zen langilea, eta erailketa salatzeko hainbat deialdi egin dituzte han. Gaur, elkarretaratze bat egin dute arratsaldean. Bihar, asteazkenarekin, 12:00etan elkartuko dira Lamuza plazan, Ikasle Abertzaleakek deituta.
Bestalde, amiantoaren eraginez eraildako langileen kasuek ere ez dute etenik. Aurten, gutxienez sei kasuren berri eman dute.