ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: negociosennavarra.com
2020/07/01 09:46

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak jakinarazi duenez, Siemens Gamesa enpresak iragarri du martxan jarriko duela Agoizko (Nafarroa) lantokia ixteko eta langileak kolektiboki kaleratzeko prozedura. Bertan 239 beharginek jarduten dute soldatapean. Enplegu-Erregulazio Espediente bat abiatuko du aurki, eta datozen egunetan hasiko ditu negoziazioak sindikatuekin.

Aurreko astean, enpresak kontratua eten zien garbiketa-lanetan aritzen ziren langileei eta behin-behineko kontratupean zeudenei.

Siemens Gamesaren arabera, Agoizko lantegiaren "kostu handia" eta "kokapen geografikoa" dira itxieraren arrazoiak. Porturik hurbilena 200 kilometrora dagoela eta, beraz, "esportazioan lehiakorra ez dela" dio. "Siemens Gamesak merkatu eoliko globalaren baldintzetara egokitu behar du". Oraindik ez dute azaldu zer gertatuko den Bizkaiko eta Gipuzkoako fabrikekin.

Mundu mailan 24.000 beharginek egiten dute soldatapean lan Siemens Gamesan, eta Espainiako Estatu mailan, 5.000 inguruk.

11 kaleratze Sapemen

Bestalde, Arcelor Mittalek abenduan jakinarazi zuen Aguraingo (Araba) Sapem lantegia zarratuko zuela. Zuzendaritzak astelehenean adierazi zuenez, uztailaren 31n gauzatuko du itxiera. 14 langile aritzen dira bertan, eta antza, hiru baino ez ditu birkokatuko enpresak, Basauriko (Bizkaia) fabrikan. Gainontzeko 11 beharginak kaleratu egingo dituzte.