ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/03 12:35

Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak jakinarazi du gutxienez hiru institututara sartu dela Polizia azken asteetan, ikasle militanteen jardun politikoa kontrolatzea eta jazartzea helburu. Hain zuzen ere, Bilboko (Bizkaia) Unamuno ikastetxean izan dira polizia-indarrak, baita Iruñerriko (Nafarroa) Iturrama eta Biurdana institutuetan ere.

Iruñerriko IAk otsailaren 21ean egin zuen salaketa. Izan ere, goiz horretan, Iturramako ikasle bat ikastetxe barruraino jarraitu zuten poliziek. Eskolan bertan identifikatu zuten, bertako zuzendaritzak jarrera erabat pasiboa zuen bitartean: bere aurrean izan zen ikaslearen identifikazioa. "Ikasleok zuzendaritzari azalpenak eskatzera joan garenean, zuzendaritza-taldeak eskuak garbitu ditu, eskola-orduetatik kanpoko auzia izan dela esanez", azaldu zuten IAko kideek.

Egun bereko eguerdian, gainera, Biurdana BHIra sartu ziren hiru foruzain, eta ikasleek jarritako propaganda politikoari argazkiak atera zizkioten. "Ezin dugu ikastetxeetan kontrol poliziala normalizatu dadin utzi, eta eraso ororen aurrean eskubide politikoen defentsan jardun behar dugu", aldarrikatu zuen IAk.

Horren ostean, otsailaren 28an, Bilboko IAk eman zuen jazarpen kasu baten berri. Azaldu zuen hainbat udaltzain sartu zirela Unamunora, propaganda politikoa egiten ari ziren zenbait ikasle identifikatzera. Ikastetxeko zuzendaritzaren jarrerak are gehiago larriagotzen du gertatutakoa, ikasle-antolakundeko kideen esanetan, lankidetzan aritu baitzen poliziekin, "ikastetxe barrura sartzen utziz eta ikasleetako baten datu pertsonalak emanez".

NO HAY COMENTARIOS