Joan den larunbatean lan-baldintza horietan izan zen eraila Ibaizabal 8 itsasontziko makina burua. 40 ordu zeramatzan jarraian lanean, eta zortzi ordu (ohiko lanaldi oso bat) zituen oraindik aurretik lanaldia amaitzeko.
Pasaiako Portuan ere enpresa berak kudeatzen ditu atoi-ontziak, eta LAB sindikatuak salatu duenez, Gipuzkoako moilan ere, lan-neurri berak ezarri nahi ditu enpresak.
Ibaizabal, nazioarteko merkatuan multinazionalen zerbitzura
Alejando Aznar buru duen enpresak 120 milioi euro bideratu zituen 2012an Hego Coreako Samsung Heavy enpresak suezmax motako bi petrolio ontzi eraiki zitzan. Horietako lehena, Monteamor ontzia, Frantziako Total multinazional energetikoari eman zion errentan, epe mugagaberako eta eskifaia (tripulazio) osoarekin.
Ez da, gainera, Aznarren enpresak multinazional horrekin daukan errenta akordio bakarra. 2005ean Monte Granada petrolio ontzia ere alokatu zion enpresa energetikoari, baldintza berdinetan. Bi ontziak nazioarteko merkatuan aritzen dira, horretarako sortutako Ibaizabal Tankers agentziaren baitan.
Petrolio ontziekin nazioarteko merkatuan jarduteko inbertsio gehiago ere egin ditu Aznarren enpresak. Iazko uztailean, Andaluziako Navantia itsasontzi militar eta zibilen eraikuntzarako Espainiako enpresa publikoari eskatutako lau petrolio ontzietatik, bigarrena jaso zuen: Monte Gorbea. Navantiako datuen arabera, petrolio ontzi bakoitzaren eraikuntzak "725.000 gizaki lan-ordu" behar izan zituen.
Bertan izan ziren Ibaizabal enpresako burua, CEPSA petrolio enpresako zuzendari den Pedro Miró eta Esteban Garcia, Navantiako lehendakaria. Petrolio ontziak garaiko Andaluziako lehendakari Susana Diazen amabitxitzea jaso zuen. Navantiari eskatutako ontzien artean hirugarrena, Monte Urkiola, urte honen hasieran jaso zuen Aznarren enpresak. Azkena eraikuntza lanetan dago dagoeneko.
Lehentasunen artean
Ibaizabal enpresak, era berean, hitzarmena sinatu du Espainiako Defentsa Ministerioarekin, ur azpiko ekintzetarako ontzi baten eraikuntzarako. Jose Luis Urcelay Espainiako Armadako Estatu Goreneko zuzendariordearen hitzetan, ur azpiko esku-hartzerako ontziaren eraikuntza, urte honetarako Defentsa Ministerioak dituen hiru helburu nagusietako bat da.