Gasteizen (Araba) agerraldi bat egin dute eguerdian bertako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Bilboko (Bizkaia) Luberri Konpartsak. Hiru talde horiei ukatu diete tokian toki txosna bat jartzea eta festen parte izatea; Gasteizko Txosna Batzordeak lehen bi eragileen kasuan, eta Bilboko Konpartsek, hirugarren eragilearen kasuan. Gaurko prentsaurrekoaren bidez, Mugimendu Sozialistak berriz erakutsi du bi hirietako jaiguneetako egoera konpontzeko duen borondatea.
"Konpartsa zein txosnetan parte hartzeko aukera ukatzen ari zaigu oraindik ere", jakinarazi dute. Dena den, berriz egin dute "konfidantzak eraikitzeko ariketa", eta elkarrizketarako deia egin diete berriz Gasteizko Txosna Batzordeari eta Bilboko Konpartsen Federazioari.
150 kulturgileren eta 100 kolektiboren babesa
Aurreko hilean, Euskal Herriko 150 kulturgilek sinatu zuten gutun bat, Gasteizko GKSri, bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistari eta Bilboko Luberri Konpartsari jarri dizkieten betoen kontra. "Mugimendu Sozialistari debekuak altxatu eta diskriminaziorik gabeko parte-hartzea bermatzeko eskatu" zuten sinatzaileek, gaur oroitarazi dutenez. Horren aurretik, martxoan, 100 kolektibo politikok eta sozialek aldarrikatu zuten Mugimendu Sozialistaren parte-hartze eskubidea.
"Bilboko Konpartsen Federazioak eta Gasteizko Txosna Batzordeak ekarpen hori ez dute aintzat hartu, eta gutun horri erantzun diote beraien posizioetan berretsita", salatu dute agerraldian.
Hainbat argipen Gasteizko Txosna Batzordeari eta Bilboko Konpartsei
Azken asteetan Mugimendu Sozialistaren aurkako beto politikoek sona hartu ostean, berriki hartu dute hitza Gasteizko Txosna Batzordeak eta Bilboko Konpartsen Federazioak, aurretik erakutsi duten jarrera diskriminatzailea are gehiago indartzeko. Erantzun horiek direla-eta, zenbait argipen egin dituzte gaur GKSk, Etxebizitza Sindikatuak eta Luberrik.
Gasteizi dagokionez, Txosna Batzordeak egindako akusazio bat gezurtatu dute: "Oharrean adierazi dute ez gaudela gainontzeko eragileak errespetatu eta haiekin adostasunetara iristeko prest. Guk Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan partekatzen ditugu txosnaguneak beste eragile askorekin, eta horrek erakusten du minimoen baitako elkarlana gauzatu daitekeela".
Horren adibidetzat jo dute, esaterako, Gasteizen bertan Mugimendu Sozialistako Ikasle Abertzaleak antolakundeak festetan parte hartzea. "Haiekin elkarbizitza posible bada, zergatik ez GKS eta Etxebizitza Sindikatuarekin? Guk Gasteizko txosnetan parte hartzeko oinarriak betetzen ditugu eta elkarlanerako puntuak ere beteko ditugu, jakina", azaldu dute.
Bilboko Konpartsei erantzunez, bestalde, ohartarazi dute haiek ez dutela "zalantzan jartzen konpartsen erabakitzeko gaitasuna". Baina zehaztu dute, haien ustez, "Luberri kanpoan uzteko erabakia ez datorrela bat konpartsen izaera parte-hartzaile eta herrikoiarekin".
"Bilboko Konpartsek eta Gasteizko Txosna Batzordeak izaera zabala izan dute urte luzez, eta guk bat gehiago izan nahi dugu konpartsetan zein txosnetan", laburbildu dute: "Parte hartzeko baldintzak betetzen ditugu, eta uste dugu gure oinarriek zein eguneroko jardunak frogatzen dutela konpartsetan toki bat merezi dugula".
Behingoz urratsak egiteko unea
"Gai honek jendartera salto egin du eta ziur gaude egoeraren berri duen gehiengoa konponbide baten aldekoa dela", gaineratu du Mugimendu Sozialistak: "Gaia enkistatzeak ez dauka zentzurik, ezta debekuari eusteko interes alderdikoiek eta itxitasunak ere".
Agerraldian esan dute, hala, "begi onez" ikusten dutela Gasteizko Txosna Batzordeak "urritik aurrera egoera berrikusteko asmoa adierazi izana", baina iritzi diote "prozesu hori hasteko borondatea egonik, gaurdanik has gaitezkeela pausoak ematen". "Bi hirietan, uste dugu aurtengo jaiak testuinguru oso aproposa direla elkarlanerako oinarriak jartzen hasteko", aldarrikatu dute: "Aurretik ditugun hilabeteetan elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko bideari ekitera deitzen ditugu bi hirietako eragileak".