12:00etan Gasteizko (Araba) campuseko Elurretatik abiatuta, manifestazio bat egingo dute bihar, Askatasun politikoak defendatu. Espedienterik ez leloaren pean. Euskal Herriko Unibertsitatetik (EHU/UPV) kanporatuak izateko arriskuan daude Gasteizko campuseko 34 ikasle, aurreko urteko martxoan hezkuntza erreformen kontra izan zen ikasle greba bat dela-eta. Zehazki, campusean egindako pikete batzuei lotuta ireki nahi dizkie espedienteak EHUk, eta unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskuan daude horregatik.
"Espedienteen mehatxua askatasun politikoen urraketa garbia da, unibertsatetik jardun, aldarri zein antolakuntza politiko oro bortxaz ezabatu nahi izatearen seinale", salatu zuen IAk otsailaren hasieran, auzipetuta dauden 34 ikasleen egoeraren berri ematean. "Unibertsitateak bere burua espazio aske eta anitz moduan saltzen badigu ere, askatasun politikorik gabeko espazioa dela argi ikusten dugu bertako ikasleok egunero. Kameren presentzia itogarria, seguraten jazarpen etengabea, poliziaren mehatxuak eta, orain, jardun politikoa egiteagatik unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskua ere badaukagu", gaineratu zuen.
Hiru exijentzia egin dizkio EHUri IAk: kanporatuak izateko arriskuan dauden 34 kideei espedienterik ez irekitzea, polizia-indarrak EHUren campusetara ez sartzea eta unibertsitateko kontrol soziala bukatzea.