Tubos Reunidosek Amurrion (Araba) dituen instalazioetan lan-istripu bat izan zuten atzo bi langilek. Mantentze-lanak egiten ari zirela izan zuten ezbeharra, goi-tentsioko aparatuak dauden eremu batean. Dirudienez, larri zauritu zen bietako bat, eta Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten erredurak zirela-eta. "Pronostiko arinagoa" omen du beste beharginak.
53 eta 58 urte dituzte zauritutako bi langileek, eta azpikontratatutako Pine Instalaciones y Montajes enpresarentzat aritzen dira soldatapean.
2023. urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez sei langilek galdu dute bizia soldatapean lanean ari zirela, lanera bidean edo lanetik bueltan.