Bessam G. du izena 33 urteko gizonezko tunisiarrak. 2018an mugitu zen Frantziako Estatura, eta Tulle herrian bizi izan zen, haren senideak han bizi baitziren. Egonaldi-baimena eskatu zuen arren, ukatu egin zion prefekturak, eta aurreko urteko abuztuan herrialdea uzteko agindua jaso zuen.
Agindua ezetsi eta otsailean atxilotu zuten, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrora eramanda. Bi hilabete eman zituen han eta, egonaldi-baimenaren helegitea aintzat hartu gabe, gizona kanporatzeko agindua berretsi zen Pauko Administrazio Auzitegian.
Testuinguru horretan gose eta egarri greba hasi eta, gero, ezpainak josi zituen protesta moduan. Aste honetan, apirilaren 26an hain zuzen, kanporatua izango zela jakinarazi zioten. Aitzitik, Tunisian sartzeko PCR probari uko egin eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote.
Apirilaren 29an, ostegunean, hainbat pertsona elkartu ziren Hendaiako erretentzio zentroaren atarian greban dagoen gazte tunisiarrari elkartasuna adierazteko, baita Frantziako Estatuak ezarri dituen "muga arrazistei ez" esateko. Aste bat baino gehiago darama gose greban 33 urteko gazteak.