Gaur, martxoak 11, bi emakume erail ditu gizonezko batek Abanto-Zierbenan (Bizkaia). Ama-alabak ziren hildakoak, 56 eta 24 urtekoak, eta hiltzailea, emakumeetako baten -amaren- bikotekidea.
12:45ak aldera, Ertzaintzarengana jo du Santurtziko (Bizkaia) taberna bateko zerbitzariak: hala jakinarazi du 60 urteko gizonezkoak aitortu diola bi emakumeak hil dituela. Bere arrebetako bati ere eman zion hilketaren berri eraileak.
Familiaren etxebizitzan topatu dituzte ertzainek bi hilotzak, lepoa moztuta. 56 urteko emakumea eskuz lotuta zegoen, eta trapu bat zuen ahoan sartuta.
Larrialdi-zerbitzuek 14:15ak aldera izan dute hilketaren berri, eta ikerketa indarrean zela, 60 urteko gizonezkoa bilatzeari ekin diote. Antza, auto beltz batean egin du ihes etxetik, eta Portugaleteko (Bizkaia) trasteleku batean atzeman dute ordu gutxira, konorterik gabe. EITB-ren arabera, hainbat pilula hartu ditu bere buruaz beste egiteko. Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Lau erailketa iaz
Honakoa izan da 2020. urteko lehenengo hilketa matxista Euskal Herrian. Iaz, gutxienez lau emakume hil zituzten gurean; hiru Lapurdin haien bikotekideen eskuetan, eta beste bat, Nafarroan. Kasu horretan, semea izan zen ama hil zuena.
Berria-k jakinarazi duenez, 2003. urtetik hona, gutxienez 104 emakume erail dituzte Euskal Herrian.