ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/01 11:03

2023ko urtarrilean, ustez inflazioari aurre egiteko neurri bat hartu zuen Espainiako Gobernuak: oinarrizko kontsumorako hainbat produkturi Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZa) kendu edo murriztu zien. Bertan behera geratu zen adibidez ogiari, esneari, arrautzari edota barazkiei ezarritako BEZa (une horretan %4ra zegoen jaitsita), eta %10etik %5era jaitsi zuten, esaterako, olioari eta pastari aplikatutakoa.

Hainbatetan luzatu du beherapen hori gobernuak, azkenekoz, joan den ekainean. Azken dekretu horren barruan, gainera, hutsera murriztu zuen olioari ezarritako BEZa. Orain, baina, bukatutzat eman ditu behin-behineko murrizketa horiek: gaur bertan esango dio agur BEZaren beherapenari. Neurria indargabetzearekin batera, oinarrizko produktuen saskia are gehiago garestituko dela aurreikusi dute.

Oliba-olioaren BEZa, esate baterako, %0tik %2ra igoko dute: hala mantenduko dute abenduaren 31ra arte, baina %4ra igoko dute 2025eko urtarrilean. Beherapenak izan arren, oliba-olioa da azken urtean gehien garestitu den produktuetako bat: 2024ko abuztuan, 2023ko abuztuan baino %25 garestiagoa zen, eta %170eko igoera metatu du 2021eko urtarriletik hona.

Oinarrizko beste produktu batzuei ere zerga-portzentaje berdina ezarriko diete abenduaren 31ra bitartean (%2koa); hala nola, ogiari, ogi-hirinari, esneari, gaztari, arrautzari, barazkiei eta frutari. Hazi-olioen eta elikadura-pasten BEZa, berriz, %5etik %7,5era igoko da, eta hala mantenduko da urtea amaitu bitartean.

BEZa berriz ere igota, Europako Batzordeak emandako aginduak betetzen segituko du Espainiako Gobernuak. Izan ere, agintaritza horrek exijitu die tokian tokiko gobernuei gisa horretako behin-behineko neurriak indargabetu ditzatela.

Beherapena ez da eraginkorra izan

Azken bi urteetan, oinarrizko hainbat produktuk izan dute BEZa kenduta edo jaitsita, baina behin eta berriz geratu da agerian neurri horren eraginkortasun falta: berdin-berdin jarraitu dute gora egiten hamaika elikagairen prezioek. Duela urtebete, hain zuzen ere, hainbat daturen berri eman zuen FACUA kontsumitzaileen elkarteak: BEZa beheratuta zuten produktuen erdia, beherapena indarrean sartu zenean baino garestiagoak ziren 2023ko urrian.

NO HAY COMENTARIOS