ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protesta Arneactiven.
2023/12/19 10:23

Artabiako (Nafarroa) Arneactivek kaleratu egiten ditu beren eskubideengatik antolatzen diren langileak. Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak irailaren hasieran jakinarazi zuen "bere lankideen artean antolaketa sustatzen zuen langile bat" bota zuela enpresak (irakurri hemen langile horri egindako elkarrizketa). Horren kontra, protestak izan ziren eskualdeko Kontseilu Sozialistaren eskutik.

"Giro horretan, hilabete batzuk geroago, langile berri bat kanporatu zuten. Orain, langileekiko politika errepresiboari eta larderiatsuari eutsiz, lan-baldintzak hobetzeko borrokan parte hartu zuen beste langile bat kaleratu dute", azaldu zuen atzo Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak. Bost hilabetean, beraz, hiru behargin bidali ditu kalera Arneactivek.

Enpresa "beldur giroa sortzen" saiatu arren, aurreneko kaleratzearen ostean ere euren eskubideen alde lanean eta borrokan jarraitu dute langileek. Hain justu, egoera horretan heldu da azken kaleratzea.

Borroka egiteko eskubidea, urratuta

"Antolatzeko eskubide formala badago ere, errealitatea da enpresek hainbat errepresio-mekanismoren bidez urratzen dutela eskubide hori, eta askotan kalte-ordainak beren gain har ditzaketela (lan-erreforma desberdinek murriztuta daudenak) eta aurrera egin dezaketela beren larderia-politika inposatuz borrokatzeko asmoa erakusten dutenei", seinalatu du Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak.

Ohartarazi du, gainera, "kaleratze politikoak" ez direla "antolatzeko eskubidea urratzeko modu bakarra". Horrekin lotu dute, esaterako, irailean enpresa aurrean egindako protestan Guardia Zibilak polizia-kontrol bat antolatzea, "gerentziak pankartak eta kartelak sistematikoki kentzea", edota enpresara jotzen duten gazteei "antolakunde politikoren batean militatzen ari diren galdetzea" ere.

Protesta ostiral honetan

Berriz ere protestara deitu du, hortaz, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak. Ostiral honetan, hilaren 22an, elkarretaratze bat izango da Arneactive aurrean, 17:00etan hasita. "Proletarioen antolaketa independentearen beharra" aldarrikatu du Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak; "ez bakarrik gure klase-interesak defendatzeko, baizik eta baita kapitalismoaren alderdi guztietan gertatzen ari den deriba autoritarioa geldiarazteko ere". Enpresaren jazarpena jasaten ari diren langileei babes osoa eman diete Kontseilu Sozialistako kideek.

NO HAY COMENTARIOS