AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/13 18:20

Kontaiguzu nola hasi zinen Arneactiven lanean eta nolakoa izan den zure ibilbidea hor.

Lagun baten bidez iritsi nintzen Arneactivera. Urte eta erdi eman dut han lanean, eta hiru aldiz saiatu dira ni botatzen. Enpresa hau kooperatiba bat zen lehen, eta, azkenean, fabrika Arneplanti saltzea erabaki zuen. Munduko plantilla enpresarik handienetako bat da, eta Arnedokoa (Errioxa).

Zein unetan jarri zenuten abian soldata hobetzearen aldeko borroka?

Duela hilabete batzuk, elkartzen hasi ginen langileok, lan-baldintzak penagarriak izateaz gain, soldatetan aldeak zeudelako beteranoekiko.

Kooperatibak Arneplanti saldu zion enpresa, bertako langileei soldata mantentzeko baldintzarekin; 1.500 eurokoa, hamabi ordainsaritan banatuta. Sartzen ginen langile berriok 1.100 euro kobratzen genituen, eta gehienez 1.250 eurora igotzen zitzaigun soldata; ez zen gehiago igotzen.

Fabrikatik alde egiten hasi zen jendea, eta batzen hasi ginen langileok. Azkenean, guztion artean asanblada bat egitea erabaki genuen. Asanbladaren helburua zen gure soldata gainerako langileen soldatarekin parekatzea. Ia langile guztiok hartu genuen parte, eta hor erabaki zen enpresari eskatzea gure soldata parekatzeko.

Orduan hitz egin zenuten zuzendaritzarekin?

Zuzendaritzarengana joan ginen eta gutun bat bidali genien, langileon asanbladaren izenean. Eskatu genuen asanbladako langileetako batek parte har zezala zuzendaritzaren, ordezkariaren eta liberatu sindikalaren artean egiten diren bileretan, kasu honetan, LABekoa. Eta enpresak ezezkoa esanez erantzun zuen; esanez langile batek ere ezin zuela parte hartu bileran eta ez zela soldata-igoerarik egongo, itunak zehazten duenaren gainetik kobratzen dugula argudiatuta.

Eta ordutik aurrera, salatu duzue langileak mehatxatu dituela zuzendaritzak...

Bai, mehatxuak hasi ziren. Aurretik ere saiatu ziren niri parte bat egiten edo falta bat leporatzen, eta ni kaleratzen saiatu ziren, egin ez nuen zerbaiten errua botata. Beranduago, langileen beste asanblada bat egin zen, eta soldata igo ziezagutela eskatu genuen beste behin. Berriz esan ziguten ez zutela egingo. Eta gu mehatxatzen jarraitu zuten.

Esplizituki esan al zizueten kaleratzeak egongo zirela langileen asanbladen ondorioz?

Ez, ekoizpenari lotutako arrazoiengatik zela esaten zuten.

Eta azkenean euren mehatxuak bete zituzten...

Ni kaleratu naute. Kaleratze-gutunean jartzen zuen arrazoi diziplinarioengatik zela, baina, gero, niri esan zidaten ekoizpen-arazoengatik zela. Aitzakia horietan oinarritu ziren, baina kaleratze-mehatxuek jarraitzen dute.

Zer ondorio ateratzen duzue gertatu den guztiarekin?

Azken finean, enpresak egin duen eraso bat da, ikusi duenean langileok antolatzen hasiak ginela. Eraso honekin nik ordainduko ditut ondorioak, baina, azkenean, eraso kolektibo bat da: langileen asanbladari ari dira eraso egiten. Adibide bat da, erakusten duena enpresariek inpunitatea dutela behar dena egiteko.

Gainera dirua zor zizan enpresak; modu desegokian gauzatu zuten kaleratzea eta ordaindu nahi ez zidaten indemnizazio bat zegoen. Antolatuta, zor zidatena ordaintzea lortu dugu, eta aurre egiteko botere bat sortu dugu. Azken finean, antolatuta, gauzak lortzen dira.

EZ DAGO IRUZKINIK