ACTUALIDAD / Presos políticos
Beste 46 urteko espetxe zigorra ezarri diote Marixol Iparragirre preso politikoari
Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako bost ebazpen eman ditu jada: oraingoan, 46 urteko zigor bat ezarri dio, 1987an Eskoriatzan lehergailu bat jartzea eta kalteak eragitea leporatuta. Zaballara lekualdatuko dute Iparragirre behin-behinean.
2021eko ekainaren 8
Beste 46 urteko espetxe zigorra ezarri diote Marixol Iparragirre preso politikoari

Iazko udan hasi ziren Marixol Iparragirre preso politikoaren aurkako epaiketak Espainiako Auzitegi Nazionalean, hamabi auziri lotuta. Oraingoz, eskoriatzarrari bost zigor ezarri dizkio auzitegiak, gaur, ekainaren 8an, atera baita argitara haren aurkako bosgarren ebazpena: 46 urteko kartzela zigorra jarri dio, 1987an Eskoriatzan (Gipuzkoa) lehergailu bat jartzea eta kalteak eragitea egotzita. Dena den, errugabe jo du talde armatu bateko kide izateko akusaziotik; izan ere, ebatzi du Iparragirrek jada bete duela zigorra Frantziako Estatuan akusazio hori dela-eta.

Preso politikoaren aurkako beste lau ebazpen eman ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Orain arte egindako gainontzeko bi epaiketetan, aldiz, absolbitu egin du. Beste bost epaiketa egingo dizkiote auzitegi berdinean.

Gaur-gaurkoz Madrilen daukate preso Iparragirre, baina Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak aurreko astean adierazi zuen Zaballara (Araba) tokialdatuko dutela aurki, behin-behinean.