Bart, ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedientearen dokumentazioa Lan Ordezkaritzari aurkeztu dio Tubos Reunidoseko zuzendaritzak. Orain arte iragarritako asmoak berresten ditu formalizatutako planak: Amurrioko altzairutegia itxiko du eta 285 langile kaleratuko ditu. Aiaraldea.eus-en arabera, "borondatezko" kaleratzeen baldintzak onartu dituzten 205 behargin daude zerrendan, 152 Amurrioko lantegikoak eta 53 Trapagarangoak; eta behin-behineko kontratuak dituztenak dira kaltetutako gainerako 80 langileak; 70 Amurriokoak eta hamar Trapagarangoak. Itxura denez, behin-behineko kontratuak dituzten beharginak martxoaren 31rako bidaliko dituzte kalera. Pizgarridun kaleratzeak onartu dituzten ehunka langileak, berriz, 2027ko ekainera bitartean kanporatuko dituzte.
Amurrioko plantillak martxoaren 16an ekin zion greba mugagabeari, espedienteari ezetz esateko: kaleratze masiboaren aurka ari dira borrokan, baina baita Amurrioko altzairutegia ixtearen eta logistika-arloa kanporatzearen aurka ere. Langileek greba hasi zuten egun berean, haien borroka gutxiesteko baieztapen bat egin zuen enpresako zuzendaritzak: esan zuen lana uzteko 301 boluntario aurkeztu omen zirela. Azken berrien arabera, baina, 205 behargin dira pizgarridun bajetara joko dutenak, eta behin-behineko kontratudunak dira kanporatuko dituzten gainerako guztiak.
ESK sindikatuak ohar bat argitaratu du jada, greba mugagabeari eusteko borondatea berretsiz. Izan ere, gogorarazi du greba abiatzeko arrazoi bakarra ez zela izan kaleratzeei aurre egitea; altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea gelditzea ere bazuten helburu. Enpresak asmo horrekin jarraitzen duela ikusita, beraz, borrokan jarraitzera deitu du ESK-k. Ikusteke dago zein jarrera hartzen duten gainerako sindikatuek eta zein mugimendu etorriko diren datozen egunetan; gaur, Laudiora eraman dituzte euren aldarriak Amurrioko beharginek, Industria Mahaiaren kontra.