Tubos Reunidosek dio 301 kaleratze adostu dituela, Amurrioko langileek greba mugagabea hasi duten egun berean

Amurrioko Tubos Reunidoseko plantillak atzo ekin zion greba mugagabeari, enpresako zuzendaritzak inposatu nahi duen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Greba mugagabearen lehenengo egunean bertan, enpresako zuzendaritzak esan zuen 301 behargin agertu direla prest "borondatezko" irteeren zerrendara batzeko, eta beraz, ezarri nahi dituen kaleratze guztiak adostu dituela jada. Informazio hori baieztatzeke dago oraindik, eta gainera, zuzendaritzak ez du argitu ea "boluntarioak" Amurrioko fabrikakoak edo Trapagarangoak diren (bertakoak ez dira grebara batu), eta ea zenbat diren behin-behineko beharginak. UGT sindikatuak ere atzo adierazi zuen 280 bat kaleratze adostea lortu duela enpresak.

Dena den, aurrera doa greba mugagabea, eta ESK sindikatuak gogorarazi du ez direla 301 kaleratzeen kontra bakarrik ari borroka egiten. Espedienteak Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta alor logistikoaren kanporatzea ere jasotzen ditu, eta gehiengo sindikalak (ESK, ELA eta LAB) ezinbestekotzat jo du neurri horiek gelditzea, Amurrioko lantegiaren etorkizuna bermatu nahi bada. Horiek horrela, enpresak jarritako trabak gorabehera, borrokan jarraitzen du Amurrioko plantillak. Atzo, langileen %100ek jo zuten grebara.

"Borrokan jarraituko dugu enplegu-erregulazioko espediente hau atzera bota arte", zioen ESK-k. Enpresako zuzendaritzaren "trikimailuak" gaitzetsi zituen, nabarmenduz bere helburua plantillaren borroka "gutxiestea" dela, "ikusaraziz ez dagoela greba egiteko beharrik [enpresatik alde egiteko] boluntarioak baldin badaude". "Baldin badaude ere, emaitza berdina da: borroka egin behar da altzairutegi horregatik, borroka egin behar da logistikagatik", gaineratu zuen.