BBVAk errekorrak hautsi ditu berriro: aurtengo urtarriletik irailera bitartean 7.622 milioi euroko irabaziak izan ditu, iazko zortzi hilabete horietan baino %28 gehiago, alegia. Bankuak inoiz izan dituen irabazirik handienak dira.
Espainiako Estatuan eta Mexikon dihardu BBVA bankuak. Espainiako Estatuan 2.866 milioi euroko irabaziak izan ditu, iazko epe berdinean baino %37,6 gehiago. Mexikon, berriz, 4.193 milioi euroko etekinak pilatu ditu, 2023an baino %5,6 gehiago.
"Mexikoko eta Espainiako jardueraren dinamismoari esker lortu ditugu emaitza paregabeak", esan du Onur Genç BBVAko kontseilari ordezkoak. "Europako hamabost banku handienen artean gaude [...] %39ko efizientzia-errekorra dugu, bai eta %20ko ROTE errekorra ere".
Izan ere, akzio bakoitzeko irabaziek gora egin dute: iazko irailetik hona, %32 igo da akzio bakoitzaren balioa. Horrek ahalbidetu du, antza denez, BBVAren errentagarritasun altua. Zentzu horretan, errentagarritasun-datu paregabeak publikatu ditu, hura neurtzeko bi indize neurtuta: ROE eta ROTE, ingelesezko sigletan.
Bankuaren ROE indizea %19,2ra iritsi da, eta ROTE indizea, aldiz, %20,1era. Europako bankuen artean errentagarritasunik handiena duen bankua da BBVA: Europako zein Espainiako Estatuko bankuen errentagarritasuna, batez beste, %13,7 eta %14,5 artekoa da.
Maileguen interes-marjinak eta komisioak, gora
Gordailuen eta maileguen interes-marjinen gorakadak ere bultzatu omen ditu BBVAren emaitza onak, zuzendaritzaren hitzetan. Horrekin batera, bezeroei kobratu dizkieten komisioek ere irabaziak handitzen lagundu du. Komisioak, azaldu dutenez, %25 igo dira, eta horri esker 5.745 milioi euro eskuratu ditu finantza-entitateak. Komisioak ez ezik, jaulkitako kreditu kopurua ere igo egin da: %11 azken urtean.