ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/10 10:11

META Mendialdeko Etxebizitza Taldeak jakinarazi du etxegabetua izateko arriskuan dagoela familia bat Arizkunen (Nafarroa). Egoera "zaurgarrian" dago familia hori, eta Kimbolton Invest higiezinen inbertsio-funtsak kaleratu nahi du bere etxetik. METAk azaldu duenez, duela sei urte ingurutik bizi da familia etxebizitza horretan, eta "espazio bizigarri bihurtu" du denbora honetan guztian. 

Orain, ordea, segizio judizial bat agertu da euren etxean, eta lehen bertan bizi zen jabearen hipoteka gauzatu nahi du. Hala, "edozein momentutan irits daiteke kaleratze-agindua", "prozedura judiziala jada martxan" dago-eta. Familia prest dago "arrazoizko alokairu bat ordaintzeko", METAko kideen esanetan, baina, berdin-berdin, etxegabetzearekin aurrera egiteko asmoa du oraingoz higiezinen inbertsio-funtsak.

METAko kideek seinalatu dutenez, etxebizitzarako sarbidea "ia ezinezkoa" da Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan. Alokairuaren prezio gorakorraz gain, ohartarazi du jadanik "urria" den etxebizitza-eskaintza "geroz eta gehiago bideratzen" dela bigarren etxebizitzetara, "landa-turismoaren beharrak asetzera" edo, salatu duten kasuan bezala, "inbertsio-funtsen espekulaziora eta etekin hutsera".

Egoera larria da, Etxebizitza Taldearen arabera, eta adierazi du ezin dela "atzerapausorik eman". Langile-familien etxeak "kapitalisten eta espekulatzaileen atzaparretatik defendatu behar ditugu", aldarrikatu duenez.

Joan den urriaren 4an, Elizondoko (Nafarroa) Gaztetxe aurrean egin zuen asanblada ireki bat METAk, Arizkurengo kasuaren berri emateko, eta horren aurrean "antolatzen hasteko". Aurreko hilean eman zuten kolektiboaren sorreraren berri.

NO HAY COMENTARIOS