Abuztuko inflazio mailari buruzko datu aurreratuak argitaratu ditu jada Espainiako Estatistika Institutuak (INE). Inflazio maila lau hamarren jaitsi da hilabete honetan: azken 38 urteetan izan den mailarik altuenera heldu zen pasa den uztailean, %10,8ra, eta %10,4an kokatu da abuztuan. Dena den, azken hiru hamarkadetako mailarik altuenetan jarraitzen du neurgailuak; %8,7tik %10,2ra igo zen inflazio maila ekainean, 1985etik aurreneko aldiz, bi digitu izatera iritsita. Uztailean eta abuztuan ere bi digituko zifrak izan dira.
Hilabete honetan erregaien prezioak zertxobait jaitsi dira, eta INEren esanetan, horrek eragin du inflazioak ere behera egin izana. Dena den, garestitu egin dira elektrizitatea, elikagaiak edota ostalaritza. INEk irailaren 13an jakinaraziko ditu hilabete honetako behin betiko datuak.
Azpiko inflazioari dagokionez, dirudienez hiru hamarren igo da abuztuan, datu aurreratuen arabera, %6,4ra heldu baita. 1993tik izan den mailarik altuena da hori. Azpiko inflazioak, hain zuzen, aldakorrak diren hainbat neurgailu kanpoan utzita kalkulatzen du inflazio maila; beraz, neurgailu orokorrak izango duen joera erakusten du.