2023an, Eurostaten datuen arabera, Espainiako Estatuan bizi ziren atzerritar jatorriko haurren %56,3 pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan zeuden (espainiar nazionalitatea dutenen artean %21,2 ziren). Horrek pobrezia-egoeran dauden migratzaileen seme-alaba kopururik handiena duen Europar Batasuneko estatua bihurtzen du. Bigarren postuan Suedia dago, %46,1eko portzentajearekin.
Oro har, adin txikikoen pobrezia-indizerik okerrenak ditu Espainiako Estatuak: hiru adingabetik bat pobrezia-arriskuan dago, Eurostaten arabera. Bada, Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuaren txosten batek berriki aditzera eman duenez, Espainiako Estatua Europar Batasuneko bigarren posturik kaskarrenean dago haurren pobrezia-arriskua sektore publiko bidez murrizteko ahaleginetan ere, okerren kokatzen den Portugalekin ia berdinduta.
Espainiako Estatua Europar Batasuneko bigarren posturik kaskarrenean dago haurren pobrezia-arriskua sektore publiko bidez murrizteko ahaleginetan
Espainiako Estatuak BPGaren %1,4 baino ez du bideratzen haurrentzako laguntza publikoetara, eta, hortaz, Europar Batasunean gutxien inbertitzen duen hirugarren estatua da arlo horretan; Grezia eta Irlanda baino ez baitaude bere azpitik. Batzordearen ikerketa osatzen zuten adituen hitzetan, arazoa ez da bakarrik sektore pobretuenek ez dutela dirulaguntza aski jasotzen, baizik eta, alderantziz, "adin txikikoentzako laguntzek aberatsen aldeko banaketa" eragiten dutela.
Dirulaguntzak dirudunentzat
Txostenak, halaber, laguntza horien banaketa desberdina nabarmentzen du, errenta altuek biltzen baitituzte haurrentzako prestazio publiko gehienak. Diru-sarrerarik handienak dituzten biztanleen %10ek errenta eskuragarriaren %5 baino gehiago jasotzen dute laguntza horiei esker, eta diru-sarrera txikienak dituzten %10ek, berriz, %3 baino ez dute lortzen. Birbanatzeko baino, aberastasuna pilatzen laguntzeko balio dute, beraz.
Diru-sarrerarik handienak dituzten biztanleen %10ek errenta eskuragarriaren %5 baino gehiago jasotzen dute laguntza horiei esker, eta diru-sarrera txikienak dituzten %10ek, berriz, %3 baino ez dute lortzen
Gainera, zerga-arintzeen (desgrabazio) sistemak diru-sarrera handienak dituzten dezilei egiten die mesede batez ere, diru-sarrera txikiak dituzten eta zerga-baldintzak betetzen ez dituzten familiak kanpoan utziz. Espainiako Estatuak urtean 2.100 milioi euro baino gehiago "aurrezten" ditu, errenta baxuetako seme-alaben familiak kenkari fiskaletatik kanpo geratzen direlako.
Zerga-arintzeen (desgrabazio) sistemak diru-sarrera handienak dituzten dezilei egiten die mesede batez ere