ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / TRT
2023/10/16 12:13

Astebete baino gehiago igaro da Palestinako erresistentziak kontraerasora jo zuenetik eta Israelgo Estatuak, gerra-egoera deklaratuta, Gazako Zerrenda sarraskitzeari ekin zionetik. Ikaragarria da sionista genozidak Gazan egiten ari diren sarraskia, nagusiki, bonbardaketa bidez: azken datuen arabera, gutxienez 2.670 palestinar erail ditu Gazan Israelek, eta milaka dira zaurituak (9.000 inguru izan daitezke). Hondakin artean desagertutako pertsonak, gainera, 1.000 inguru dira gaur-gaurkoz. Kolapsatutako ospitaleak, anbulantziak, etxebizitzak, eskolak eta askotariko azpiegiturak bonbardatzen jarraitzen du Israelgo Estatuak.

Masakre horri guztiari, gainera, Israelek ezarritako erabateko blokeoa gehitu behar zaio. Une honetan, Gazako Zerrendan moztuta eta etenda daude, besteak beste, argindarra, ur hornidura, erregai hornidura, Interneterako konexioa, kanpotik helarazitako laguntza humanitarioa, eta sendagaien nahiz ekipamendu medikoen bidalketa. "Munduko eremu irekiko espetxerik handiena", Gaza, are hilgarriago bihurtu du Israelgo Estatu genozidak.

Etengabeak izan dira, bestalde, gune jakin batzuk bonbardatuko dituela esanez Israelek egindako mehatxuak. Atzo bertan, esaterako, Gaza hegoaldeko Rafahko ospitalea erasoko zutela esan zuten israeldarrek, eta erietxea husteko exijentzia egin zieten palestinarrei. Sarri gertatzen ari da, modu beldurgarrian, Israelek gune zehatzen batera ihes egin dezaten esatea palestinarrei, eta gero toki zehatz horiek bonbardatzea.

Sarraskiaren erdian, sona handia izan dute Gazako palestinarrek erabat suntsitako kaleetan egindako bat-bateko manifestazioek: ozen esan dute ez dutela Gaza utziko. "Nahiago dugu hil, umiliatuak izan baino", esan dute protestetan, hala nola.

Aire bidezko eraso etengabeez gain, badirudi gertu egon daitekeela sionisten lurreko inbasioa ere. Atzo kaleratutako informazioaren arabera, Israelek Gazako Zerrendako mugan bildu ditu jada milaka eta milaka militar, modu masiboan.

Sarekadak Zisjordania okupatuan

Gazako Zerrendaz harago, baina, jarraitzen du Israelen partetik jazarpen eta eraso sistematikoak. Asteburu honetan, Israelgo Armada oldarka sartu da Zisjordania okupatuko hainbat tokitara; esaterako, Ramallahko Al-Am'ari errefuxiatu eremura, Jericora, Jeninera, Hebronera, Nablusera edota Jerusalemgo Shufat errefuxiatu kanpalekura. Sarri egin ohi duten bezala, hainbat eta hainbat palestinar atxilotu dituzte militarrek zenbait kasutan, adibidez, AlJalazoun errefuxiatu eremuan; eta lur okupatuetan palestinarrak erailtzen jarraitu dute, besteak beste, Nablusen edota Jerusalemen bertan.

Hainbat kontuk zabaldu dituzte, dirudienez, soldadu israeldarrek argitaratutako hainbat bideo: horietan ikus daiteke nola umiliatzen eta jazartzen dituzten sarekadetan atxilotutako palestinarrak.

Kolono israeldarrek herrixketan palestinarren kontra egindako oldarraldi eta hilketek ere ez dute etenik; besteak beste, Hebronen izan dira hainbat eraso azken egunetan. Israelgo Estatuak kolonoak armaz hornitzeko agindua eman du berriki.

Palestinarekin elkartasuna, zigortua Mendebaldean

Israelgo Estatu sionistaren sarraskia Mendebaldeko estatuen konplizitatearekin ari da gertatzen. Hori gutxi balitz, herrialde ugaritan debekatu eta jazarri dituzte Palestinari elkartasuna emateko mobilizazioak, esaterako Frantzian eta Alemanian, eta hamaika tokitan ari dira zigortzen Palestinako bandera jendaurrean erakustea. Atzo bertan, Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol-zelaitik kanporatu zuten pertsona bat, Palestinako bandera eramateagatik.

Amerikako Estatu Batuetako Illinoisen, gainera, palestinar haur bat erail du 71 urteko gizonezko faxista batek: 26 aldiz sastakatu du kalean, eta umearen ama ere zauritu du.

12.000 eraildako, 35 urtean

Azken 35 urteetan, Israelgo Estatuak 12.000 pertsona baino gehiago erail ditu Palestina historikoaren okupazio-prozesuan. Hona hemen GEDAR LANGILE KAZETAk bildutako datu historikoak, xehatuta.

Irakurri hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua.

NO HAY COMENTARIOS