AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Izquierda Diario
2023/10/09 12:45

Gazako Zerrendaren kontrako oldarraldi masibo bete-betean, soldaduekin eta bestelako baliabide militarrekin aski ez, eta harago joan nahi du Israelgo Estatu genozidak: armak eman nahi dizkie kolono israeldarrei, palestinarren kontra erabil ditzaten. Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Ben-Gvirrek agindu du, hain zuzen ere, kolonoak armaz hornitzea. Arma horiek jasotzeko nahikoa izango da telefono bidezko protokolozko elkarrizketa batekin eta "autodefentsa froga" batzuekin; aurrekari penalik edo medikorik ez duten guztiek eskuratu ahal izango dituzte armak.

Palestinako lur okupatuetan sarri ikusten dira kolono israeldarrek palestinarrei egindako eraso faxista eta parapolizialak. Palestinarren autoei su ematea, euren etxeetatik eta lurretatik kanporatzea, euren jabetzak lapurtzea, harriak erabilita eraso egitea, umiliazioa eta isekak, askotariko eraso fisikoak eta abar eguneroko ogia dira kolono sionisten partetik.

Eta ez dira eraso indibidualak soilik izaten: palestinarren herrixkei ere eraso izan diete taldean, armatuta, ibilgailuak modu masiboan errez eta palestinarrak zaurituz. Joan den ekainean, esaterako, Ramallahko herrixka batera sartu ziren hainbat eta hainbat kolono sionista, eta 34 palestinar zauritzeaz gain, 140 autori eman zieten su.

Irakurri hemen asteburuko gertakarien hainbat gako nagusi, eta hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua

EZ DAGO IRUZKINIK