Ate joka dugu urte amaiera, eta 2019. urtea indartsu agurtuko dute Nafarroa iparraldeko gazteek. Izan ere, Mendialdeko Gazte Topaketak antolatu dituzte bertako hainbat gaztetxek eta gazte asanbladak. Larraungo (Nafarroa) Printza Gune Autogestionatuak hartuko ditu jardunaldiak, abenduaren 6ko arratsaldetik abenduaren 7ko ilunabarrera bitarte.
Hala, Nafarroako iparraldeko herri zein eskualdeetako gazteei luzatu diete topaketetara bertaratzeko deia. Hain zuzen, Irurtzun-Arakil, Larraun, Basaburua, Imotz, Araitz-Betelu, Leitzaldea, Malerreka, Bortziri eta Baztan dira horietako batzuk.
Topaketen
atarian, Nafarroako hainbat txokotako gazteek agerraldia egin zuten
atzo, azaroak 14, Lekunberrin (Nafarroa). Ekimenaren
inguruko xehetasunak plazaratu zituzten, eta azaldu zuten helburua dela bertako gazteek
"elkar ezagutzea eta aurrerantzean baliagarri izango
zaizkigun tresnak lantzea zein barneratzea": "Elkartasunezko
harremanak eraikitzeko eta irakaspenak elkarbanatzeko aukera paregabea" izango da. Saretzerako pausoak ematea ere izango dute jopuntu.
Egitarau zabala
Hori guztia lortzeko bidean, hainbat helduleku izango dituzte abendua hasieran Printzan. Abenduaren 6an 16:00etan emango diete hasiera Mendialdeko Gazte Topaketei, harrera eta ezagutza jolasekin. Ondoren, Inguruko gazte asanbladen egoera aztergai izeneko mahai ingurua egingo dute, 18:00etan; eta jarraian, afari autogestionatuaz eta kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Lo egiteko tokia egonen da bertan.
Abenduaren 7an goizean hasiko dituzte jarduerak. Gosaria eta eguna antolatzeko asanbladaren ostean, eztabaidarako tartea izango dute Indarrak hartzeko, 14:00etan bazkalduko dute, eta ondoren, auzolana egingo dute Printzan.