AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Abendua hasieran egingo dituzte Mendialdeko Gazte Topaketak
2019/11/15 01:16

Ate joka dugu urte amaiera, eta 2019. urtea indartsu agurtuko dute Nafarroa iparraldeko gazteek. Izan ere, Mendialdeko Gazte Topaketak antolatu dituzte bertako hainbat gaztetxek eta gazte asanbladak. Larraungo (Nafarroa) Printza Gune Autogestionatuak hartuko ditu jardunaldiak, abenduaren 6ko arratsaldetik abenduaren 7ko ilunabarrera bitarte.

Hala, Nafarroako iparraldeko herri zein eskualdeetako gazteei luzatu diete topaketetara bertaratzeko deia. Hain zuzen, Irurtzun-Arakil, Larraun, Basaburua, Imotz, Araitz-Betelu, Leitzaldea, Malerreka, Bortziri eta Baztan dira horietako batzuk.

Topaketen atarian, Nafarroako hainbat txokotako gazteek agerraldia egin zuten atzo, azaroak 14, Lekunberrin (Nafarroa). Ekimenaren inguruko xehetasunak plazaratu zituzten, eta azaldu zuten helburua dela bertako gazteek "elkar ezagutzea eta aurrerantzean baliagarri izango zaizkigun tresnak lantzea zein barneratzea": "Elkartasunezko harremanak eraikitzeko eta irakaspenak elkarbanatzeko aukera paregabea" izango da. Saretzerako pausoak ematea ere izango dute jopuntu.

Egitarau zabala

Hori guztia lortzeko bidean, hainbat helduleku izango dituzte abendua hasieran Printzan. Abenduaren 6an 16:00etan emango diete hasiera Mendialdeko Gazte Topaketei, harrera eta ezagutza jolasekin. Ondoren, Inguruko gazte asanbladen egoera aztergai izeneko mahai ingurua egingo dute, 18:00etan; eta jarraian, afari autogestionatuaz eta kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Lo egiteko tokia egonen da bertan.

Abenduaren 7an goizean hasiko dituzte jarduerak. Gosaria eta eguna antolatzeko asanbladaren ostean, eztabaidarako tartea izango dute Indarrak hartzeko, 14:00etan bazkalduko dute, eta ondoren, auzolana egingo dute Printzan.