ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/07 13:57

Europako langileriak Ukrainako gerra garesti ordaintzen jarraitzen du, bai giza arloan, bai ekonomikoki. Astearte honetan, martxoaren 8an, elektrizitatearen prezioak sabai historikoa jo du kontinente zaharrean. Espainiako Estatuan hamar milioi etxetan zuzenean eragiten duen handizkako merkatu "erregulatuan", esate baterako, 545 euro ordaindu beharko da orduko megawatta; joan den astean baino %44 gehiago. Urtebete lehenago, berriz, 54 eurokoa zen salneurria, hamar bider txikiagoa.

Ukrainako gerrak gezurtatu egin du inflazioaren kausa pandemian kokatzen zuen uste hura. Izan ere, COVID-19aren eraginak nabarmen apaldu diren honetan, inoizko altuena da produktu energetikoen prezioa. Oraingoan, krisi militar bat izan da ekonomia kapitalista ezegonkorraren detonagailua.

Energiaren prezio orokorrekin lotura duen gas naturalaren bigarren ekoizle handiena da Errusia mundu mailan, eta lehena Europan. Horrek igoera modu koiunturalean baldintzatu badu ere, gogora ekarri behar da inflazioak hilabeteak daramatzala energiaren kontura langile familietan hondamenak eragiten.

Langile poltsikoetan

Etxe gehienetako tarifa "arautuak" ebazten dituen handizkako merkatuak, esan bezala, %44 garestitu du prezioa azken bi egunotan. Gainerako familia langileek ere, hau da, beste merkatuan daudenek eta merkaturatzaileekin kasuz kasu euren baldintzak negoziatzen dituztenek, igoera jasango dute, kontratazioak berritzea egokitu ahala.

Ordutegi-tarteei dagokienez, argindarrak 600 eurotik gora balio dezake astearte honetan MWh-ko, 07:00etatik 09:00etara bitartean nahiz 19:00etatik 20:00etara bitartean. 15:00etatik 16:00etara zein 23:00etatik gauerdira bitartean baino ez da jaitsiko 500 euro/MWh-etatik. Duela hilabete batzuetatik honako perspektiban, orduko megawattaren salneurri merkeena 140 eta 160 euro artean egon zitekeen. Gaur, salneurri "merkea" deritzona 500 euro/MWh-etik gora dago. Hilabete gutxiren buruan laukoiztu egin da.

Aurreko igoaldia

Iragan urteko uztailean, orduko megawatta 100 eurotik goiti kokatu zen estreinakoz; urrian 300 euroak gainditu zituen, abenduan 350 euroak, eta gaurkoan, berriz, 500 eurotik gorako prezioan salduko da. Gasa pandemia osteko asiar eskariaren gorakadarekin batera garestitu zen lehendabizi, eta orain, Ukrainako sarraskiarekin.

Bistan denez, gasaren prezioan edozein gorabeherak kate-erreakzioa dakar Europan, Holandako TTF merkatuan igotzen den euro bakoitzeko, bi euro igotzen baita argindarraren fakturaren zenbatekoa.

Goi-tentsioa

Argindarraren prezioaren igoerak, beraz, gas naturalarenari jarraitu ohi dio. Kasu honetan, 200 euroan kotizatu da gasaren orduko megawatta joan den astean bertan, erregistro historiko oro gandituz. Amaierarik gabeko igoerek Europako Batzordea urduritu dute, bi merkatuok deslotu ditzan.

Blokeko lau estatu handienetako argindarra — Alemania, Frantzia, Italia eta Espainia — 545 euro/MWh-n eta Euroguneko inflazioa %6tik urrats batera dagoela, gero eta gehiago dira Bruselari "premiazko neurriak" eskatzen dizkioten ahotsak; "aurreikusi ezin diren ondorio ekonomikoen odolustea saihesteko", El País egunkariaren hitzetan.
NO HAY COMENTARIOS