Europako
langileriak Ukrainako gerra garesti ordaintzen jarraitzen du, bai giza
arloan, bai ekonomikoki. Astearte honetan, martxoaren 8an,
elektrizitatearen prezioak sabai historikoa jo du kontinente zaharrean.
Espainiako Estatuan hamar milioi etxetan zuzenean eragiten duen
handizkako merkatu "erregulatuan", esate baterako, 545 euro ordaindu
beharko da orduko megawatta; joan den astean baino %44 gehiago. Urtebete
lehenago, berriz, 54 eurokoa zen salneurria, hamar bider txikiagoa.
Ukrainako
gerrak gezurtatu egin du inflazioaren kausa pandemian kokatzen zuen
uste hura. Izan ere, COVID-19aren eraginak nabarmen apaldu diren
honetan, inoizko altuena da produktu energetikoen prezioa. Oraingoan,
krisi militar bat izan da ekonomia kapitalista ezegonkorraren
detonagailua.
Energiaren
prezio orokorrekin lotura duen gas naturalaren bigarren ekoizle
handiena da Errusia mundu mailan, eta lehena Europan. Horrek igoera modu koiunturalean baldintzatu badu ere, gogora ekarri behar da inflazioak
hilabeteak daramatzala energiaren kontura langile familietan hondamenak
eragiten.
Langile poltsikoetan
Etxe
gehienetako tarifa "arautuak" ebazten dituen handizkako merkatuak, esan
bezala, %44 garestitu du prezioa azken bi egunotan. Gainerako familia
langileek ere, hau da, beste merkatuan daudenek eta merkaturatzaileekin kasuz kasu
euren baldintzak negoziatzen dituztenek, igoera jasango dute, kontratazioak berritzea egokitu ahala.
Ordutegi-tarteei
dagokienez, argindarrak 600 eurotik gora balio dezake astearte honetan
MWh-ko, 07:00etatik 09:00etara bitartean nahiz 19:00etatik 20:00etara bitartean.
15:00etatik 16:00etara zein
23:00etatik gauerdira bitartean baino ez da jaitsiko 500
euro/MWh-etatik. Duela hilabete batzuetatik honako perspektiban, orduko
megawattaren salneurri merkeena 140 eta 160 euro artean egon zitekeen.
Gaur, salneurri "merkea" deritzona 500
euro/MWh-etik gora dago. Hilabete gutxiren buruan laukoiztu egin da.
Aurreko igoaldia
Iragan urteko uztailean, orduko megawatta 100 eurotik goiti kokatu zen estreinakoz; urrian 300 euroak gainditu zituen, abenduan
350 euroak, eta gaurkoan, berriz, 500 eurotik gorako prezioan salduko
da. Gasa pandemia osteko asiar eskariaren gorakadarekin batera garestitu
zen lehendabizi, eta orain, Ukrainako sarraskiarekin.
Bistan
denez, gasaren prezioan edozein gorabeherak kate-erreakzioa dakar
Europan, Holandako TTF merkatuan igotzen den euro bakoitzeko, bi euro
igotzen baita argindarraren fakturaren zenbatekoa.
Goi-tentsioa
Argindarraren prezioaren igoerak, beraz, gas naturalarenari jarraitu ohi dio. Kasu honetan, 200 euroan kotizatu da gasaren orduko megawatta
joan den astean bertan, erregistro historiko oro gandituz. Amaierarik
gabeko igoerek Europako Batzordea urduritu dute, bi merkatuok deslotu
ditzan.
Blokeko lau estatu handienetako argindarra — Alemania, Frantzia, Italia eta Espainia — 545 euro/MWh-n eta Euroguneko inflazioa %6tik urrats batera dagoela, gero eta gehiago dira
Bruselari "premiazko neurriak" eskatzen dizkioten ahotsak; "aurreikusi
ezin diren ondorio ekonomikoen odolustea saihesteko", El País egunkariaren hitzetan.