ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/15 11:23

Ekoizpenari lotutako arrazoiak argudiatuta, aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat ezarri nahi du Arcelor Mittalek Espainiako Estatuko bere jabetzako lan-zentro guztietan, Condesan izan ezik. Besteak beste, ekoizpenean eragin duten faktore modura aipatu ditu Ukrainan leher egin duen gerra, eskaeretan izan den jaitsiera edota energiaren kostua. Enpresaren arabera, Europan, eskaera erreala baino handiagoa da altzairuaren eskaintza.

2023ko abenduaren 31ra arte egongo litzateke indarrean espediente berri hori, atzo, asteazkenean, enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei azaldu zienez. Zuzendaritzaren esanetan, ziurgabea da hurrengo urte hasiera, eta hori argudiatuta luzatu nahi du hainbeste aldi baterako espedientea.

Etxebarrin egindako bilkura batean osatu dute jada negoziazio-mahaia, eta UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO dira parte hartuko duten sindikatuak. Haien arabera, "gehiegizkoa" da enpresak ezarri nahi duen espedientea; ELAk gogorarazi du, esaterako, iaz 13.000 euroko etekinak izan zituela enpresak. 

Gainera, honakoa ez da azken urteetan Arcelor Mittalek martxan jarri duen lan-erregulazioko espediente bakarra: hainbatetan jo du neurri horretara, sindikatuen arabera, "justifikaziorik gabe eta maiz legalitatea bera urratuz". 2020an Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen baliogabetu egin behar zela enpresak ezarritako espedienteetako bat, eta ordutik, zuzendaritza zorretan dago beharginekin; ELAk salatu duenez, ordea, enpresak ez ditu oraindik auzitegiak ebatzitako zor horiek ordaindu.  "Arcelor Mittalek malgutasunerako tresna gisa erabili nahi ditu ABEEak", gaineratu du. "Langileak bahitu gisa erabiltzen ari dira, Europan gobernuekin dituzten helburu estrategikoak lortzeko", adierazi du, bestalde, UGT sindikatuak.

Arcelor Mittalek bederatzi lantoki ditu Hego Euskal Herrian; hain zuzen, Bergaran (Gipuzkoa), Berriobeitin (Nafarroa), Etxebarrin (Bizkaia), Legasan (Nafarroa), Legution (Araba), Lesakan (Nafarroa), Olaberrian (Gipuzkoa), Sestaon (Bizkaia) eta Zumarragan (Gipuzkoa).

NO HAY COMENTARIOS