ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/10 10:48

Larunbatean manifestazio jendetsu bat izan zen Iruñean, elkarte memorialistek antolatuta: 3.000 lagun inguru atera ziren kalera, Erorien Monumentua eraitsi dezatela eskatzeko. Komunikabide ugarik eman zuten mobilizazioaren berri, baina antolatzaileek salatu dutenez, manifestazioan "istiluak eta desordena ikusten dituen itzalen bat" ere izan zen. Antena 3 hedabideaz ari dira, izan ere, mobilizazioan polizia-indarrekin konfrontaziorik gertatu ez bazen ere, kontaketa faltsu hori egin du publikoki.

Halaxe dio komunikabideak lerroburura eramandako informazio faltsuak: "Istiluak Iruñean ezkerreko erradikalen eta Poliziaren artean, Erorien Monumentuaren eraisketa exijitzeko". Gezurra da Iruñean Poliziarekin liskarrak izan zirenik eta informazioa gezurtatu dute antolatzaileek, baina hala ere, Antena 3-ek ez du zabaldutako buloa zuzendu oraingoz.

"Zoritxarrez, ez gaitu harritzen. Francok eta bere jarraitzaile eskuindarrek ere manipulazioa erabili zuten 36ko kolpea prestatzeko, gure aitona-amonen borroka kriminalizatuz", azaldu dute elkarte memorialistek: "Orain, faxismoa zabaltzeko bide bera jarraitzen dute. Faxismoaren aurka borrokatzen duen gazteria antolatu bat kriminalizatu nahi dute eta Erorien eraispenaren aldeko gure bidezko aldarrikapenean zatitu".

Jazarpena gazteei ostegunean

Antena 3-eko langileek manifestazioaren aurretik jazarri zituzten hainbat gazte Iruñerrian, gezurretan eta difamazioan oinarritutako haien kontaketa osatzeko asmoz. Ostegunean, Errotxapean kokatuta dagoen Zentro Sozialistara bertaratu ziren hainbat kazetari, bertan zeuden pertsonei jarraitzeko, euren aurpegiak grabatzeko eta galderaka estutzeko.

Horren ondoren hurbildu ziren Alde Zaharrera Antena 3-ekoak, eta Gallego tabernan zegoen gazte andanaren aurka jo zuten. Besteak beste, haien jarrera politikoari buruzko galderak egin zizkieten eta haien aurpegiak grabatu zituzten, baimenik gabe. Joateko eskatu arren, grabatzen segitu zuten. Horren ondoren, Katu tabernara mugitu ziren jazarpenarekin jarraitzeko, eta berdin jokatu zuten.

NO HAY COMENTARIOS