Alkatearen mehatxuei aurre eginez, Azkoitiko Gaztetxearen aldeko aldarria udaletxera eraman dute

Gaur, goizean goiz, Azkoitiko (Gipuzkoa) udaletxera bertaratu dira hainbat gazte, Gaztetxe berriaren balizko desalojo bati ezetz esateko. Ana Azkoitia alkate jeltzaleak ostiral arratsaldean egin zuen mehatxu: adierazi zuen desalojo-agindua eskatuko duela gaur epaitegian, eta posible da arriskuan egotea Azkoitiko Gazte Asanbladak ireki eta Gaztetxe bilakatutako espazioa. 

Asanbladak ostegunean jakinarazi zuen Lidl zaharra birjabetu duela, "gazteon antolakuntzarako espazio berri bat sortzeko". GUKA-k zehaztu duenez, udalaren Azkoitia Lantzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietate publikoena da eraikina. Alkatea da Azkoitia Lantzeneko presidentea, eta bilera batera deitu zuen gaur goizerako: hainbat ordezkari politiko bertaratu dira, Gaztetxearen auziaren inguruan eztabaidatzeko.

Joan den asteburuan jendetza hurbildu da Azkoitiko Gaztetxea ezagutzera: auzolanak, batzar zabal bat nahiz musika-emanaldiak egin dituzte azken egunetan, eta jendetsuak izan dira ekimenak. Azkoitiko Gazte Asanbladak hasieratik azaldu du borroka egiteko "tresna kolektibo" bat izango dela Gaztetxe berria; "kultura, eztabaida, sormena, formakuntza eta borroka politikoa uztartuko dituen topagunea".

Bestalde, pstegunetik jasandako jazarpen poliziala salatu dute gaurkoan asanbladako kideek, Gaztetxe inguruan polizia-indarren presentzia etengabea baita. Hainbat gazte identifikatu ditu Poliziak propaganda politikoa egiteagatik edo udaletxeko gaurko protestan parte hartzeagatik.