Aurreko astean atxilotu zituzten bi emakume Getxon (Bizkaia), gutxienez hiru emakume prostituzioan aritzera behartzeagatik. Horren aurka, eta Sexu-esplotazioari aurre egin! aldarritzat hartuta, mobilizazio bat antolatu du Uribe Kostako Itaiak: ostiral honetarako jarri du hitzordua, arratsaldeko 18:00etan, Algortako Telletxe plazan.
"Testuinguru ekomiko eta sozial miserableek baldintzatuta, emakume asko prostituitzera behartzen dituzten sexu-esplotaziorako sareetan bahitzen dituzte. Muturreko egoera horrek emakumearen kontrako indarkeria gordinean oinarritzen diren lan-prozesuetara kateatuta mantentzen ditu", ohartarazi du Itaiak. Salatu du, gainera, "etekin ekonomiko izugarriak" lortzeaz gain, "emakumeon sexualizazioan sakontzen" dutela prostituzio-sareek, "objektu sexualaren ideia indartuz". Horiek horrela, "sexu-merkatuaren aurka borrokatzera eta merkatu horren konplize orori aurre egitera" deitu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak.
Itaiak oraintsu amaitu du bere I. Kongresua, eta aurreko larunbatean aurkeztu zituen emaitza nagusiak. Emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bide-orri politikoa garatzeko lanean, berehalako hainbat zeregin markatu ditu antolakundeak, tartean, emakume langileen gorputzen salerosketari kontra egitea.