ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/03 03:15

Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak eta sindikatuek lan-arloko legedia arautuko duen dekretu bat zehaztu dute datozen urteetarako. Agiriak PSOEk zein Unidas Podemosek hauteskunde garaian hitzemandakoa gezurtatzen du puntuz puntu: Alderdi Popularraren 2012ko lan-erreforma indargabetzea, hain zuzen ere. 2012ko lan-erreformaren funtsa mantentzeaz gain, okerratu ere egiten du zenbait zentzutan. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, adibidez, behin betiko neurri izango dira aurrerantzean.

Aldatutako aspektuei dagokienez, "hitzarmen kolektibo sektoriala enpresa-hitzarmenari gainjartzea" lortu dutela aipatu izan dute erreformaren bultzatzaileek. Enpresa-hitzarmenak, ordea, ondoko auzietan lehentasuna izaten jarraituko du: aparteko orduen ordainketan, txanden zehaztapenean, ordutegian, lan denboraren banaketan, oporren plangintzan nahiz lanbide-sailkapenean. Beraz, hitzarmen sektorialak soldataren auziak baino ez ditu arautuko, eta termino erlatiboetan, gainera. Izan ere, sektore mailako soldata-hobekuntza baten aurrean enpresak bere esku dauden gainontzeko lan baldintzak okerragotuz amortizatu dezake galera.

Kaleratze kolektiboak, berriz, sektore publikoan baino ez dituzte mugatu. Gainontzeko sektoreetan,  bitartean, kaleratze kolektiboetarako aitzakiek justifikatzeko errazak izaten jarraituko dute. Halako kasuetan, lan egindako urte bakoitzeko, hogei eguneko kostu murriztuarekin kaleratzeko aukera ematen dute oraindik; urtebeteko soldatarekin, asko jota.

Aurreraeragina

"Hitzarmen kolektiboen aurreraeragina" deritzon printzipioa da, hain justu, 2012. urtea baino lehen zegoen egoeratik berreskuratu duten azken printzipioa. Horren arabera, hitzarmen kolektibo batean zehaztutako indarraldia amaitzeak, eremu handiago bateko hitzarmenaren aplikazio automatikoa dakar. Jose Maria Aznarren FAES fundazioaren hitzetan, moldatutako azken aspektu horiek "kostu onargarriak" izan dira patronalarentzat.

Kaleratzeak

Azken lan-erreformak, gainera, 2012koaren zutabe nagusietako bat mantentzen du: kaleratzeen prezioaren merkatzea. Aurreko erreformak kalte-ordain baxuagoa zehazten zuen kaleratze bidegabeetarako, ordainsaria lan egindako urte bakoitzeko 45 egunekoa izatetik 33 izatera igaro baitzen. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak ez dio kopuru horri egun bakar bat bera ere gehitu.

Bestalde, kaleratzeen prezioan zuzenean eragiten duen tramitazio soldaten ezabapenaren auzia ere bere horretan utzi dute. Ondorioz, epaitegiek sententziak igorri artean, ordaindu beharreko soldatak aurrezten jarraituko dute kaleratze bidegabeengatik akusatutako enpresariek.

Malgutasuna

Alderdi Popularraren lan-erreformak, besteak beste, lanaldi partzialak, aldi baterako lanaldiak, azpikontratutakoen obra- eta zerbitzu-kontratuetako ohiko iruzurrak, nahiz lan baldintza ugari zehazteko askatasuna sustatzen zituen enpresarientzat. Lan baldintzei dagokienez, Espainiako Gobernuaren lan-erreforma berriak ez ditu ez eduki horiek ez horiek zehazteko markoak ukitu.

Obra eta zerbitzuen kontratuak, aldiz, "enpresaren ohiko jardueraz gaindiko lanetarako esklusiboki" arautu dituela dio Espainiako Gobernuak. Egin duena, funtsean, jurisprudentzia baliatzea izan da, ordea. Espainiako Auzitegi Gorenak 2020an igorritako sententzia batean zehazten zenez, obra- eta zerbitzu-kontratuak ezin ziren besterik gabe kontrata bati lotu; izan ere, "obren edo zerbitzuen azpikontratazioa enpresaren ohiko jardueraren parte zen, eta, beraz, lanpostu horiek egiturazkotzat zein mugagabetzat hartu behar dira".

Europaren begiradapean

Negoziaketa prozesu osoa Europar Batzordearen ikuskapenaren pean eta hark zehaztutako norabidean egin da. Yolanda Diaz Espainiako ministroak El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Bruselako hainbat kargu politikorekin 70 bilkuratik gora izan dituzte erreformaren zehaztapenak aurrera atera ahal izateko.

Europar Batasunaren ohiko gardentasun faltari jarraiki, Diazek ez du argitu zeintzuk izan diren bilkura horietan jorratutako gaiak. Dena den, lan-erreforma giltzarria izan da Espainiako Gobernuak 2022. urte hasierarako aurreikusitako Europar Funtsen 10.000 milioi euroko dirulaguntza jasotzeko. Orotara, Espainiako Estatuak 70.000 milioi euro inguruko laguntza zuzena jasoko du Bruselatik. Funtsen gainontzeko zatiak jasotzea bestelako erreformak betetzeari lotuta egongo da, pentsioena kasu.

Kontsentsu burgesa

Alderdi Popularrak azkenean abstentzioaren alde egingo du Diputatuen Kongresuko bozkaketan. Pablo Casadok hasiera batean ezezkoa aurkeztuko zutela esan zuen arren, patronalak eta FAESek babesa adierazi diote Diazen proiektuari.

NO HAY COMENTARIOS