ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EITB
2025/02/27 08:36

"Gorteek beren hizlari distiratsuenetako bat galduko dute". Hala adierazi zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Diputatuen Kongresuan Aitor Esteban jeltzaleari emandako agurrean. Izan ere, bi hamarkada baino gehiagoz bertan aritu ondoren, Kongresua utzi eta Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) buruzagitza hartuko du bilbotarrak; Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) botere-organo nagusia.

Martxan jarraitzen du EBB berritzeko barne-prozesuak, eta hauteskundeen lehenengo itzulian lehia estua eta lidergo garbi baten falta nagusitu baziren ere, badirudi hori ekidin dutela bigarren itzulian. Foku mediatikoetatik askoz ere urrunago, baina atzo bukatu zen bozen bigarren itzulia, eta Estebanek inolako oposiziorik gabe egin du aurrera EBBko buruzagitza eskuratzeko bidean, alderdiaren batasunaren izenean Andoni Ortuzarrek karguari uko egin ondoren. Azken asteetan, lekuan lekuko batzokiek sorpresarik gabe berretsi dute Estebanen lidergoa, nahiz eta parte-hartzea bereziki baxua izan den: afiliatuen %10-%15ek parte hartu dute.

Beste zortzi burkidek osatuko dute EBB berria, itxura denez, akordioz adostu dutena Estebanek, Ortuzarrek nahiz Gipuzkoari garrantzi handiagoa eman nahi dion sektoreak (Markel Olano izan da ildo horren aurpegia). Jadanik aurreratu zutenez, buruzagitzaren parte izango dira Ortuzarrek proposatutako Manuel Tejada, Miren Martiarena eta Andoni Busquet, baita Estebanek izendatutako Maitane Ipiñazar ere. Beranduago gaineratu dituzte beste lau burkideen izenak: Gipuzkoako ahaldun nagusi izandako Olano bera eta Jon Gambra, Gipuzkoa indartu nahi duen sektorearen ordezkari gisa; Javier Ollo nafarra eta Joseba Diez Antxustegi arabarra.

Aurreko Alderdi Egunean iragarritako barne-hauteskundeen prozesu luzea ez da oraindik amaitu, hala ere. EAJk Lurraldeko Asanbladak egingo ditu orain, eta EBB berria bilkura orokor baten bidez berretsiko du gero; alderdiaren bederatzigarren Asanblada Orokorrean, hain zuzen ere. Martxoaren 29an eta 30ean izango da, Donostian (Gipuzkoa). Aurreneko egunean, jeltzaleek aurkeztutako bost ponentziak eta horien emendakinak bozkatuko dituzte, eta bigarren egunean, EBBko kide berriak.

NO HAY COMENTARIOS