START III ituna, START "berria" izenez ere ezaguna, gaur agortuko da. Amerikako Estatu Batuak eta Errusiako Federazioa muga juridikoki loteslerik gabe utziko ditu horrek, beren arma nuklear estrategikoei dagokienez. Akordioak hainbat muga ezartzen zizkien bi herrialdeei, buru nuklearren kopurua eta jaurtiketa-sistemak baldintzatuz, eta elkarri ikuskapenak egitea ahalbidetzen zuen. Itunaren amaierarekin batera, beraz, desagertu egingo da munduko armamentu atomikoaren %90 inguru biltzen duten bi potentzien arteko kontrol nuklearrerako aldebiko azken esparrua.
2010ean, Barack Obama eta Dmitri Medvedev presidenteek sinatu zuten hitzarmena, eta 2011tik dago indarrean. Itunak 1.550era mugatzen zituen hedatutako buru nuklearrak, eta 700 misil balistiko eta bonbardatzaile estrategiko baimentzen zituen, herrialde bakoitzeko. Era berean, tokian bertan ikuskapenak egiteko baimena ematera behartzen zituen. "Orain arte galga bat eta mugak baldin bazeuden, orain, bakoitzaren borondatearen aurrean geratzen da, bakoitzak noraino iritsi nahi duen ikusteko", azaldu du RTVEn Jesus Nuñez Villaverdek, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Azterlanen Institutuko zuzendarikideak.
"Aldeek jada ez dute inolako betebeharrik"
Errusiako Atzerri Ministerioak atzo baieztatu zuenez, ituna amaitzearekin batera, aldeek "ez dute betebeharrik" izango. Moskuk deitoratu egin zuen, gainera, Estatu Batuek aldi baterako dauden mugak urtebetez luzatzeko proposamenari "nahita" erantzun ez izana. Kremlinak, hala ere, "arduraz eta zuhurtziaz" jokatuko duela ziurtatu du, eta etorkizuneko negoziazioetarako prest dagoela berretsiz, baina akordio berri bat prozesu "luzea eta zaila" izango litzatekeela ohartaraziz.
Txina, hirugarrena liskarrean
Washingtondik, Donald Trump presidenteak "ideia ontzat" hartu du Errusiak gaur egungo mugak "borondatez" errespetatzeko egindako proposamena, baina erantzun formalik eman gabe. Estatu Batuetako administrazioarentzat Txinaren parte-hartzeak baldintzatzen du edozein itun berri; izan ere, badirudi haren armategi nuklearra 300 ojiba ingurukoa izan zela 2020an, eta 600 ingurukoa 2025ean, Estatu Departamentuaren arabera.
Pekinek negoziazioetan parte hartzeari uko egin dio, AEBen eta Errusiaren maila konparagarrietara iristen ez den bitartean. Adituen arabera, blokeo horrek nuklearrak mugarik gabe ugaritzen ari diren eta gero eta armamentu-lehia handiagoa dagoen egoera hau indartzen du.