Badirudi baieztatu daitekeela jada: Legutioko (Araba) eta Lebarioko (Abadiño, Bizkaia) lantokiak zarratu eta 183 beharginak kalera bidaliko ditu Metal Group Smeltin & Precision enpresako zuzendaritzak. Hainbat komunikabideren arabera, eskaera gehiago egiteari utzi eta Txinara joko du Volkswagenek, Metal Groupen bezero nagusiak (eskaeren %70 egiten zituen orain arte); eta horren ondoren atera da argitara hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela konpainia, Arabako eta Bizkaiko bi lantegiak itxiz ziur aski.
Urtarrilaren hasieran eman zuten Metal Groupek ezarri nahi zuen enplegu-erregulazioko espedientearen berri, langile-batzordeak (ELA, CCOO eta LAB) salatu zuenez. Hasierako informazioek zioten Abadiñoko eta Legutioko fabriketako 183 langileetatik 139 ingururi eragingo ziela neurriak: Bizkaiko fabrika zuzenean ixtea eta Legutioko 91 behargin kaleratzea omen zen asmoa.
Neurri horiei ezetz esateko, urtarrilaren 7an greba mugagabea hasi zuen Legutioko plantillak, baina EITBk jaso duenez, lanuztea bertan behera utzi dute orain, azken ordainsariak bermatzeko asmoz. Abadiñoko beharginek ere hainbat protesta egin dituzte azken egunetan, zuzendaritzari exijitzeko zor diena ordain diezaiela. Fabrika hori zarratuta dago iazko urriaren bukaeratik.
Urtarrilean zehar izan den negoziazio-mahaia urtarrilaren 15ean hautsi zen, enpresak hasieran agertutako asmoa aldatu zuenean: azkentzeko enplegu-erregulazioko espedientea baztertu eta berehala hartzekodunen konkurtsora joko zuela jakinarazi zuen. Dot atariak azaldu duenez, beharginek kaleratzeen ondoriozko kalte-ordainak beranduago kobratzea ekarriko du horrek, eta abenduko soldata ere ez diete ordaindu oraindik.
2025eko abuztura arte ere egon zen hartzekodunen konkurtsoan Metal Group; Suitzako Meteorix funtsak euro baten truke enpresa erosi arte, hain zuzen ere. Zortzi hilabeteren ostean iragarri dituzte beste hartzekodunen konkurtso bat, bi lantegien itxiera eta 193 kaleratze posibleak.