Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan-erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak sustatutako neurria Greziako Parlamentuan, eta gehienezko lanaldiak areagotzeko mekanismoen artean, pertsona batek lanaldi osoko bi kontratu aldi berean izatea legezkotzat jo nahi du gobernuak; hau da, soldatapeko bi enplegu izatea, bi enplegatzailerekin, eta osotara hamahiru lan ordurainoko muga irrigarri batekin.
Enplegatzaileek, beraz, seigarren lanegun bat inposatu ahalko diete beharginei, larunbatean edo igandean ere lanera joan daitezen. "Ekoizpen-beharren" arabera, gainera, azken unean langileen ordutegiak eta egutegiak aldatu ahalko dituzte enpresek; nahikoa izango da 24 ordu lehenago langilea jakinaren gainean jartzearekin.
Horri lotuta, "guardia-langileentzako" kontratuak ere finkatu nahi dituzte erreformaren bidez. Guardian daudela iritzi den beharginen kasuan, ordutegi finkorik ez izatea legeztatu nahi dute, eta enplegatzaileari eman nahi diote, unean-unean, euren lan egutegia erabakitzeko gaitasuna. Kasu horietan ere, barregarria izango da derrigorrezko jakinarazpen-epea: 24 ordu lehenago jakinarazi ahalko zaizkie egutegiak eta ordutegiak beharginei.
Hori gutxi balitz, kaleratzeak erraztea ere jasotzen du lan-erreformak: enplegatzaile baten aurreneko kontratua izan badu, langile bat justifikatutako arrazoirik gabe eta kalte-ordainik gabe kaleratzea legezko bihurtu nahi du gobernuak. Bestalde, grebalariek egindako protesta-blokeoak gogor zigortzea ahalbidetu nahi dute: 5.000 eurorainoko zigorrak aurreikusi dituzte erreforman.
Erantzun modura, kalera atera dira jada Grezian. Aurreko ostegunean bertan hasi ziren lan-erreformaren kontrako protestak hiri nagusietan: Atenasen, Tesalonikan, Patrasen, Larisan, eta abar. Grebara jo zuten hainbat sektoretan; hala nola, garraioan, osasungintzan eta hezkuntzan.