Superberriak enpresak kudeatzen ditu BM Shop kateko hainbat saltoki eta, LAB sindikatuak adierazi duenez, Hego Euskal Herriko lau denda ixteko asmoa du. Zehazki, Ugaon (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba) kokatutako dendak itxi nahi ditu zuzendaritzak; ondorioz, 70 langile kaleratuak izateko arriskuan daude.
Lan-erregulazioa hasi du zuzendaritzak eta, antza, horren inguruko kontsulta epea gaur, asteazkenean, hasi da. Neurriak "ezustekoan" harrapatu ditu sindikatuak eta, azaldu dutenez, kaleratzeak eteteko "bide guztiak agortuko" dituzte.
Gainera, Roxima 2020 S.L. enpresak ere erregulazio bat martxan jarri duela jakinarazi dute; Barakaldoko BM Shop saltokia kudeatzen du.