ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaztetxearen aldeko manifestazioa, otsailean.
2024/05/31 08:55

Urtarrilaren 24an izan zen Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen aurkako epaiketa, eta handik egun gutxira eman zuten ebazpenaren berri Zestoako Gazte Asanbladako kideek: Gaztetxearen kontrakoa izan zen, gazteek birjabetutako espazioa husteko agindua eman baitzuen epaileak. Data zehatzik ez zuen jarri, ordea.

Gaztetxearen aurkako epaiaren barruan, zigor ekonomikoak ere egon zitezkeen, eta hala izan da azkenean: eraikinaren okupazioaren harira, 6.500 euroko "kalte-ordainak" ordainaraziko dizkiete prozesu judizialean seinalatuei. "Gainera, aurreikusi dezakegu, prozesuak aurrera jarraitu ahala, kolpe ekonomiko gehiago etor daitezkeela", azaldu dute asanbladako kideek.

Desalojoa aurrera

Kalte-ordainei lotutako zigorrak aurrera egin izanak esan nahi du aurrera doala Gaztetxearen kontrako prozesu judiziala, asanbladak jakinarazi duenez. Beraz, hustearen eguna ere gertuago dagoela erakusten du horrek, nahiz eta gotzaitegiak (gazteek birjabetutako espazioaren legezko jabeak), antza, ez duen oraindik desalojoa gauzatzeko eskaerarik egin.

"Azken bi hilabeteetan zehar, Elizarekin kontaktatzeko hainbat saiakera egin ditugu, desalojoa gelditzeko eta negoziatzeko eskatuz behin eta berriz", diote gazteek: "Haien aldetik, ordea, ez dute gurekin hitz egiteko inolako borondaterik erakutsi eta, norbaitekin negoziatzekotan, udalarekin izan beharko zukeela azpimarratu ziguten".

Elizaren eta udalaren ardura

Zestoako Gazte Asanbladak berriz exijitu dio Elizari bertan behera utz dezala Gaztetxearen desalojoa. Bere "izaera erreakzionarioa" seinalatu dute asanbladako kideek: "Milaka higiezinen jabe den instituzio horrek nahiago izan du Zestoako herriari zein bertako gazteei benetako ekarpen bat egiten dion eraikina berriz hustu, soilik bere interes espekulatiboetarako erabiltzeko".

Zestoako Udalari, berriz, beste behin eskatu diote "auzi honetan duen erantzukizuna" bere gain har dezala: "Bere eskura dituen tresnak erabil ditzala eskatzen diogu, Eliza negoziatzera bultzatuz". Gazteek ohartarazi dute, "hori egin ezean", "udala ere etorriko denaren erantzule izango dela".

Zigorrari aurre egiteko ekimenak

Asanbladak esan du ez duela "kolpe ekonomikoen aurrean atzera egingo": "Orain arte bezala, eraikinari bizitza ematen eta berau defendatzen jarraituko dugu". 6.500 euroko kalte-ordainei aurre egin ahal izateko, hainbat ekimen antolatuko dituzte datozen asteetan. Hitzorduen berri emango dute laster, eta horietan parte hartzera deitu dute gazteek.

NO HAY COMENTARIOS