5.000 tortura kasu baino gehiago dokumentatu ditu Euskal Herriko Torturatuen Sareak
— ARGAZKIA @torturatuakEH (X)

Euskal Herriko Torturatuen Sareak joan den asteburuan egin du II. Batzar Nazionala, Eibarren (Gipuzkoa), Torturaren Aurkako Egunari lotuta. "500 torturatu baino gehiago elkartu gara gaur Eibarren", adierazi zuen plataformak X sare sozialean. Duela urtebete sortu eta aurkeztu zuten ekimena Donostiako (Gipuzkoa) Kursaalean, eta 5.000 tortura kasutik gora dokumentatu dituzte dagoeneko Euskal Herrian, hainbat ikerketaren bidez: Kriminologiaren Euskal Institutuaren arabera, gutxienez 5.379 pertsona torturatu zituzten Euskal Herrian.

"Horiei guztiei aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak eskaini behar zaizkie", nabarmendu zuten asteburuan sareko bozeramaileek: "Determinazioa eskatzen diogu gobernuari, tortura politikoa pairatu dugunon aitortza prozesua oso-osorik eta oztopo gehiagorik gabe garatu ahal izateko".

Aitortzaren garaia da! lelotzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten urratsak egin ditzatela, legez, estatu-indarkeria jasan duten pertsonak "ofizialki eta kolektiboki aitortzeko". Jaurlaritzari, hain justu, EAEko legedia eguneratu dezala exijitu zioten, "epealdia zabaltzeko eta aitortza eta erreparazio mekanismo integral bat bermatzeko beharrezko ekinbide eta adostasun politikoak sustatuz"; eta Nafarroako Gobernuari, berriz, "dagozkion ardurak bere gain hartzeko" eskaera egin zioten, "frankismoaz eta Trantsizioaz harago ehunka herritarri tortura aplikatu zitzaigula" onartuz hala nola.

Torturatuen Sareak asteburuan jakinarazi zuen aitortza-eskaerak Jaurlaritzan erregistratuko dituela, Egiari Zor Fundazioaren bidez. Gogorarazi zuen, bestalde, 1960tik 2011ra bitartean izandako zenbait tortura kasu aitortzen ari direla jada Nafarroan, 16/2019 Foru Legearen bitartez.