AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

«Barne Ministerioak emango du ustezko identitatea […] Ezkutuko agenteak ez du erantzukizun kriminalik izango ikerketaren garapenaren beharrezko ondorio diren jarduketengatik, baldin eta ikerketaren xedearekin proportzionaltasun egokia badute eta deliturik probokatzen ez badute».

(Art. 282 bis Prozedura Kriminalaren Legea, 282. bis art.)


Barne Ministerioak, Grande-Marlascaren zuzendaritzapean, identitate faltsuak eman zizkien polizia nazionalei 2019an, Herrialde Katalanetako herri-mugimenduan sar zitezen. Urtebete eskasean Directa hedabideak lurralde horretan azalera atera duen bigarren polizia infiltratua da. Kasuak hautsak harrotu ditu, batez ere polizia horrek infiltratzeko bitarteko moduan harreman afektibo-sexualak erabili zituelako, eta horretarako argi eta garbi militante horien erabakimen askeaz abusatu zuelako.

Poliziak gehiegikeriaz jokatu zuen sentipenaren aurrean, azpimarratzekoa da Espainiako Estatuan ezkutuko agenteak erabat erregularizatuta daudela 1999az geroztik, eta askoz lehenagotik normalizatuak. Hain daude babestuta, ezen legeak berak aske uzten baititu adostasunaren akatsetatik, hau da, libre erabakitzeko eskubidearen abusu-ekintzetatik, intimitatea urratzea ezkutuko poliziaren lanaren berezko ezaugarria dela aurresuposatuta.

Ekintza horiek poliziarekiko nazka eta gaitzespena eragin du. Ordea, gorroto hori egitura oso baten aurka bideratu behar dugu, hain zuzen, Estatu Burgesaren osotasunaren aurka, bera baita praktika horiek antolatzen, gauzatzen, bermatzen eta babesten dituena. Polizia erreparorik gabe jarduten duen zerbitzaria besterik ez da, erdibideko koadro bat, burgesiak proletalgoaren gaitasun produktiboak ahalik eta gehien zukutzeko modua. Beraz, Gobernua bera da ekintza horien azken erantzulea, eta, gero eta autoritarioagoa den testuinguru honetan, eskrupulurik gabe mugatzen eta zabaltzen ditu proletalgoaren eskubide politikoak.

Kasuaren inguruko isiltasuna nabaria da. Soberakoak izango dira «inoizko gobernurik aurrerakoienak eta haren aparatuek» beren burua zuritzeko egingo dituzten adierazpenak erantzukizuna norbanako bati edo praktika konkretu bati egotzi nahian. Izan ere, dagoeneko argi dakigu ekintza horiek berezkoak dituela estatu burgesak, estatu burgesean ez baitu tokirik proletalgoaren antolakuntza independenteak, ezta haren beharrei lehentasuna emango dien ezein proiektu politikok ere.

Hemendik, gure babes osoa helarazi nahi diegu erasotutako militante eta antolakundeei, eta gaitzespen osoa adierazi militantzia politikoaren kontrako edozein ekintza poliziali. Edozein ezbeharren aurrean argi izango ditugu gure helburuak eta ortzi-muga; beti antolatuko gara estatu kapitalistaren eraginpetik kanpo.