Arrakastatsua izan da aurtengo Gazte Topagune Sozialista. Uztailaren 20tik 24ra egin da Durangon, eta 2.000 lagun baino gehiago batu ditu lau egunetan zehar. Mugimendu Sozialistaren indar erakustaldia izan da kanpora begira, azken Topagune honek ere, hirugarrenez jarraian, frogatu baitu jendea mobilizatzeko gero eta gaitasun handiagoa pilatzen ari dela mugimendu gazte hori.
Gainera, gisa horretako ekimen bat egiteak dakarren lan kantitatea era efektiboan antolatzeko gaitasuna duela frogatzeko ere balio izan du. Eta ez, ordea, diruaren truke obligazioz egiten den lanari esker, konbentzimendu etiko eta politiko batek gidatuta eta euren borondatez ehunka lagunek eskainitako lan-ordu eta inplikazio kontaezinari esker izan da posible Topagunea.
Indar erakustaldia izateaz gain, Mugimendu Sozialistak defendatzen eta praktikan jartzen dituen tesi politikoak Euskal Herritik kanpo ere beren bide propioa egiten ari direla bistaratu du Topaguneak. Horren adibide da, esaterako, Madrildik, Burgosetik eta Herrialde Katalanetatik hainbat eta hainbat lagun bertaratu izana.
Barnera begira, berriz, erakustaldia baino, indar sortzailea izan da Topagunea bertaratu zirenentzat. Ikasteko, ideiak trukatzeko eta hausnartzeko, komunitate politikoa batzeko eta indartzeko, gustura egoteko eta, batez ere, motibazioz eta indarrez betetzeko espazioa izan baita Topagunea.